Oinezko bide irisgarri eta seguru bat bermatzeko Elorrioko Iguria auzoko bizilagunek mozioa aurkeztu zuten atzoko osoko bilkuran. Bizilagunek azaldu dutenez, Gerediagako saihesbideak herritarren segurtasuna kaltetu du. "Azken urteetan Aldundiak hartu dituen neurriek ez dute lortu ibilgailuen abiadura moteltzea eta oraindik gure bizitza jokoan hartzen dugu etxerako joan-etorrietan. Umeei ezin diegu utzi herrira bakarrik joaten, errepidea zeharkatzerakoan istripua izan dezaketelako", esan dute bizilagunek.
Mozioa onartuta udalak ondorengo konpromisoak hartu ditu: herrigunera oinez joateko bide seguru eta irisgarriak izateko beharrezko pausoak ematen jarraitzea, Aldundiari Durango-Beasain autobia proiektuan jasota dagoen pasarela egitea eskatuko diote eta mozioa Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Sailera bideratuko dute.