"Hau gelditzea lortzen ez badugu, egoera penagarri batera helduko gara"

Anboto 2023ko api. 28a, 10:00

Esther López Angulo, Elorrioko egoitzako zerbitzari-garbitzailea.

Elorrioko egoitzako langileak zainketa sistemaren eraldaketa prozesu batean daude. Ahoztar Zelaietak horren gaineko berbaldia emango du gaur, 12:00etan, plazan

Irailean, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri zuen lanak egingo zituela Elorrioko egoitzan, berau bizikidetza unitate bihurtzeko. Hau da, lanak eginda egoitzak bizikidetza unitate bi izango ditu. Langileak kexu daude aldaketagaz. Hainbat lanpostu desagertuko da eta gainerako beharginen lan egiteko modua aldatu egingo da. 

Elorrioko egoitza bizikidetza unitate bihurtuko dute, baina ez zaudete pozik aldaketagaz. 
Ados gaude egoitzan lanak egiteagaz, baina ez lan horiek ekarriko duten aldaketagaz. Momentu honetan, zainketa sistemaren eraldaketa prozesu batean gaude eta horrek eragin zuzena izango du, bai langileongan eta baita egoiliarrengan ere. Aldaketak zainketa zerbitzuaren gainbehera ekarriko du eta emandako zainketa-kalitatean eragin zuzena izango du. 

Zer aldaketa dakartza honek guztiak?
Alde batetik, aldaketa honegaz hamalau ohe publiko desagertuko dira eta gehienez 50 lagun bizi ahalko dira gure egoitzan. 50 egoiliar hauek bizikidetza unitate bitan banatuko dituzte. Eta bizikidetza unitate bakoitzean 25 pertsona egongo dira. Bestetik, Elorrioko egoitza bizikidetza unitate bihurtuta, hainbat lanpostu suntsituko dute: zerbitzari-garbitzaile postu bi desagertuko dira, baita beste atezain postu bi ere. Bestalde, erizainen gaueko txanda ere kendu egingo dute eta eguneko ratioa erdira jaitsiko dute. Horrez gainera, erizain laguntzaileei gaueko txanda finkoak inposatuko zaizkie. Hau da, orain arte ez bezala, hemendik aurrera erizain laguntzaile batzuek gauez baino ez dute lan egingo. Hau onartezina da. Ez da ona langilearen osasunerako. Munduko Osasun Erakundeak ere ez du gomendatzen bakarrik gauez lan egitea.

Horrez gainera, lan baldintzak izugarri kaskartuko dira eta erizain laguntzaileak izango dira kaltetuenak. Erizain laguntzaileen lanpostuak ukituko ez diren arren, erizainak eta zerbitzari-garbitzaileak kentzeak izugarrizko aldaketa ekarriko du euren egunerokoan. Lana gehituko zaie eta ezinezkoa izango da denera heltzea. Euren lanak egoitza pribatuetako geroago eta tankera handiagoa hartuko du. Soldatan ez, baina gainerakoan bai.

Beraz, murrizketekin lau lanpostu desagertuko dira. Orduan nork beteko ditu postu horiek? Pribatizatzea da bidea?

Egoitzan dauden egoiliarrengan ere izango du eragina?
Jakina. Orain arte, egoiliarrekin egoteko eta zaintza bermatzeko aukera geneukan. Baina, hemendik aurrera, lanpostu batzuk desagertu eta beste batzuk esku pribatuetan geratzen badira, zer gertatuko da? Zainketa sistema aldatuta, posible izango da egoitzako egoiliarren zaintza bermatzea? Azken batean, denbora berean askoz ere egiteko gehiago izango dugu eta denak egitea ezinezkoa izango da. Hau gelditzea lortzen ez badugu, egoera penagarri batera helduko gara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!