Udal gobernua aurreko legegintzalditik ari da lanean Elorrion eguneko zentro bat ahalbidetzeko. Bizkaian 65 urtetik gorako 1.700 biztanle baino gehiago dituzten 25 herri daudela eta euretako bitan bakarrik ez dagoela eguneko zentrorik argudiatzen dute: Elorrion eta Sopelan. Gai honen eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiak, baina, behin eta berriz "ukatu" du eskaera, "Durangoko eskaintzak elorriarren beharrak asetzen dituela argudiatuta", azaldu du udalak ohar batean.
Ildo horretatik, udalak beharrizen gaineko ikerketa egiteko eskatu zion CPS ikerketa-enpresari eta "Aldundiak emaitzak baloratuko zituela onartu zuen". Ikerketa horren emaitzak gaur egin dituzte publiko. Ikerketa egiteko zerbitzu hori baliatu dezaketen elorriarrak elkarrizketatu dituzte; hau da, II. eta III. mailako mendetasun-maila dutenak eta haien familiak.
Azterlanaren emaitzek adierazten dutenez, mendekotasuna duten 21 pertsona joango litzateke zentrora, egoitza Elorrion egongo balitz eta beste 22k esan dute ziurrenik ere hala egingo luketela. Beraz, II. eta III. mailako mendekotasuna duten pertsonen %38k egin du eskaria.
Udalak ikerketako datuak baloratu ditu. "Datuek erakusten dutenez, gaur egun Elorrion 30 lagunentzako zentro bat balego, plazak osatuko lirateke. Gainera, bilakaera demografikoari buruzko datuak kontuan hartuta, CPSren azterketak erakusten du zentroaren bideragarritasuna bermatuta egongo litzatekeela datozen 20-25 urteetan".
Aldundiari batzarra eskatuko diote
Orain, txostena Aldundiari helarazi eta batzar bat eskatuko dute. “Guk gure konpromisoa bete dugu. Ikerketa sakona da, eta agerian uzten du udalbatzak eta herritarrek egindako eskaera zilegia eta benetakoa dela: Elorriok eguneko zentroa behar du”, adierazi du Maria Herrero gizarte-politiketako zinegotziak.
Azkenik, gogorarazi dute legegintzaldi honetan hainbat mozio onartu direla ildo horretan; azkena, Pentsiodunen Taldeak bildutako 1.155 sinaduren bermearekin.