“Erraza da nostalgian jaustea, baina saihestu egin gura dugu hori; horregaitik abesten diogu orainari”

Aritz Maldonado 2023ko api. 1a, 10:20

Hogei urteren ondoren, Gazte Topagunea Elorrion egingo dute berriro. Orainaren eta bizitzeko modu baten aldeko aldarria egin gura du Ernaik, eta, horretarako, milaka gazte batu gura ditu eskualdean. Ernaiko militanteak diren Jone Urizarbarrenagaz (Elorrio, 2002) eta Jon Ormaetxeagaz (Zornotza, 2000) berba egin du ANBOTOk. "Apur bat urduri, baina gogotsu" daude aurrean duten erronkagaz. 

'Bizitzeko modu bat' aldarrikatzen duzue.
Jon Ormaetxea: Egungo gizarte ereduak eta neoliberalismoak indibidualizaziora garamatzate, bakoitzak bere buruarengan bakarrik pentsatzera, eta, horregaitik, etorkizunerako bestelako Euskal Herri bat proposatzen dugu guk, independentea, sozialista eta feminista, balio komunitarioetan oinarritzen dena; proiektatzen ditugun balioen erakusleihoa da Topagunea, ekimen erraldoi bat, komunitarioa, herriko, eskualdeko eta Euskal Herri osoko jendea inplikatzen duena.
Jone Urizarbarrena: Jendarte osoari egiten dio erreferentzia, zelan bizi garen eta zelan bizitzea gustatuko litzaigukeen.

Orain hogei urte ere Elorrion egin zen Gazte Topagunea.
J .U.: Aurrera jarraitzen dugula erakusteko aukeratu da Elorrio, nik uste; zer izan ginen eta zer garen erakusteko. Orain hogei urteko Topagune hori hor dago eta jende askok konparaziora jotzen du; batez ere Elorrion bertan igartzen dugu hori. Jende nagusia orain dela hogei urteko topagune hori berriro gogoratzeko joango da. Badu bere ikutu nostalgikoa ere.
J .O.: Berri Txarraken Bisai berriak abestia oso famatua da orandino ere. Erraza da nostalgia horretan jaustea, baina saihestu egin gura dugu hori. Horregaitik abesten zaio orainari aurtengo Topaguneko abestian [Sünek egin du aurtengo abestia: Orainari]. 

Ernaik hamar urte bete ditu aurten. Zelan dago antolakundea?
J. O: Ibilbide gorabeheratsua izan dela esango nuke. Sortzea ilusiozko garai bat izan zen, gazte antolakundea legeztatu zen, eta etapa gogor bat atzean uzteko, koloretsu jaio zen. Momentu honetan, Ernai egonkortuta dagoela esango nuke, ondo militantzia aldetik, bai Euskal Herri osoan, baita Durangaldean ere. Eskualdean, sei herritan ditugu taldeak; aurten, Berrizen sortu dute taldea, eta iaz Iurretan... momentu on batean gaudela esango nuke.
J .U.: Topagunea ere aukera ona da, gainera, indar hori erakusteko, gure komunitaterik zabalenagaz batu eta ikasteko. Batez ere gazteentzat izan arren, adin tarte guztietarako proposamenak ere badaude.  

Erlazionatuak

Apirilak 6, eguena

Anboto 2023 mar 30 Elorrio

Apirilak 7, barikua

Anboto 2023 mar 30 Elorrio

Apirilak 8, zapatua

Anboto 2023 mar 30 Elorrio

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!