[BIDEOA]: Elorrioko ondarea hobeto ezagutzeko eta herriaz gozatzeko aplikazio interaktiboa garatu dute

Anboto 2023ko mar. 21a, 13:59

Durangaldean eta Euskal Herri mailan aitzindaria den teknologia berritzaile honek GPS bidez gidatutako ibilbide turistikoa eta familientzako jolasa hartzen ditu. Google Play edota App Store bitartez deskargatu daiteke. 

Digitalizazioaren bidea urratzeko apustua egin du Elorrioko Udalak, Elorrioko turismo plan estrategikoaren barruan, eta horren erakusle da Elorrioko Gida Birtuala. Aplikazioa Ninbo sormen enpresak egin du eta 17.666 euro bideratu dituzte horretara. Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu dute Urkiola Landa Garapenaren kudeaketari esker.

Turismoa, historia eta kultura indartzen dituen tresna honek bi esperientzia eskaintzen dizkio erabiltzaileari: GPSak gidatutako ibilbide turistikoa herrian barrena eta misterio bat argitzeko jolasa. Lehenengo proposamenak Elorriotik ibilbide berezi bat egitera gonbidatzen ditu bisitariak, GPSa aktibatu eta herriko hainbat interes-gunetara bideratuta. Behin toki horietara helduta, eduki interaktiboak aktibatzen dira automatikoki aplikazioan, baita gertaerak kontatzeko bideoak eta birsokuntza animatuak ere. "Ibilbidea bukatzerakoan, Elorrioren historia aberatsaz askoz gehiago jakingo dugu, eta modu interesgarri eta dinamikoan, gainera", azaldu du Imanol Pinelo Ninboko sortzaileak.

Ibilbideaz gain, Elorrio familian ezagutzeko jolasa ere prestatu dute. "Elorrioren historian oinarritutako ipuin bat oinarritzat hartuz, Elorrion barrena murgilduko gaituen abentura bat biziko dugu, eta helburua misterio bat argitzea izango da", aurreratu du Pinedok. Bestalde, Alazne Mendizabal turismo zinegotziak jolasak "esperientzia paregabea" eskaintzen duela azpimarratu dute. 

Bestalde, Elorrioko Gida Birtualean lehendik sortuta zeuden tresnak txertatu direla jakitera eman dute. "Eredu jasangarri batera urratsak egiteko, katalogo, mapa eta liburuxkak digitalizatu dira. Elorrioko Udalak 100.000 eurotik gora inguru inbertitzen ditu urtero turismoan, eta orain arte egindako ahalegin guztia gordeta dago aplikazioan", gaineratu du Mendizabalek. 


Imanol Pinelo eta Alazne Mendizabal. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!