"Afizioa ofizio bihurtu gura nuke; gutxi gara egurra lantzen dugunak"

Aitziber Basauri 2023ko ots. 26a, 10:00

Josu Zenitagoiak Elorrioko Gazeta auzoan du egurra lantzeko tailerra. Bertan sortzen ditu enkarguz egiten dizkioten artisaulanak. Eixu artisau elkarteako bazkide laguntzailea da.

Noiz hasi zinen egurra lantzen? 
Baserrian hazitakoa naiz eta betidanik ibili naiz egur artean. Asko gustatzen zait zizela eta mailua hartu eta egurra lantzea. Lagunei oparitzeko lanak egin ditut beti, baina saltzeko lanekin 2014an hasi nintzen. Pirograbatuekin hasi nintzen, lan txiki batzuk egiten. Geroago hasi nintzen egurra lantzen.

Totemak egiten hasi zinen. 
Lagun bategaz Argentinara joan nintzen 2015ean. Eta Hego Amerikan zehar bakarrik bidaiatu nintzen: Txilen, Perun, Ekuadorren, Bolivian, Brasilen eta Kolonbian ibili nintzen, Erdialdeko Amerikara joan aurretik. Hiru urte eta erdi egin nituen kanpoan. Bada, Montañitan (Ekuador) totemekin beteta zegoen herri bat bisitatu nuen, eta asko erakarri ninduten. Bitxiak iruditu zitzaizkidan. Handik bueltan, tailer txiki bat egokitu nuen Gazetan, eta totemak lantzen hasi nintzen. Pipak ere egiten nituen. Orduan Eixu elkartean sartu nintzen. 

Azoketan saltzen hasi zinen orduan?
Bai. Erakusleiho handia dira egindako lana ezagutarazteko. Gainera, azoka batean Felix Larrañaga maisua ezagutu nuen.  

Beragaz ikasi duzu? 
Autodidakta naiz, baina Felixegaz asko ikasten nabil. Sortzen zaizkidan zalantza asko argitzen laguntzen dit. Izan ere, hasiberria naiz.

Zein egur mota erabiltzen duzu?
Pagoa erabiltzen dut gehien. Nafarroan erosten dut, xaflatan. Pagoarena egur ona da zizelkatzeko. Hala ere, haritz eta zedro zatiak ere baditut. Azoketan ikusita jakin dute batzuek egurra lantzen dudala, eta batzuek egurra ekarri izan didate.

Enkarguz ere lan egiten duzu. Zer da gehien eskatzen dizutena?
Denerik. Denden izena ipintzeko kartel asko egin dut (Anbotopeko, Belaze, Gorkat...) eta eguzkiloreak ere oso ondo saltzen dira. Eguzkilore asko egiten dut eta batzuetan nekosoa ere egin daiteke beti lan berdina egitea. Baina enkarguz aritzea polita da, lan bakoitza desberdina delako. Orain dela gutxi errautsak gordetzeko kutxa bat eskatu zidaten, eta botilategi bat ere bai. Txakurrak, jaguarra... egin ditut.

Zein da egindako eskaririk bitxiena?
Ilobak dragoi bat egitea eskatu zidan, horman eskegitzeko.

Baduzu gogoan enkargu berezirik?
Kolibri bat eskatu zidaten behin. Txori bat sekula egin barik nengoen eta egurrezko hegoak alanbrea erabilita ipintzea burutatu zitzaidan. Orkidea bat ere ipini nion.

Afizioa ofizio bihurtu gura duzu?
Bai, gutxi gara egurra lantzen dugunak. Apirilean Mexikora joango naiz, abenturak eta jende eta gauza berriak ezagutzeko gogoak bultzatuta. Neure burua proban ipintzeko ere bai, neurri batean. Herrialde osoan ibili gura dut eta gero AEBetara joan. Hala ere, ez dut proiektu hau baztertuko. Bidaia ikasteko ere baliatuko dut, bidaituz ere asko ikasten da eta. Ez dut bueltatzeko datarik, inoiz ez da jakiten. Baina bueltatzean proiektua sendotzea izango da erronka. Altzariak egiten ere ikasi gura dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!