“Ez dut proba laburretako sufrimenduaren falta igartzen; orain hobeto moldatzen naiz luzeetan"

Joseba Derteano 2023ko ots. 25a, 10:20

Lur Basterretxea (Elorrio, 1979) mendiko eskiko denboraldian murgilduta dago. Euskal Herriko Koparen barruko proba bitan lehiatu da. Candanchun bigarren geratu zen beteranoetan, eta hirugarren seniorretan; Izaban bigarren beteranoetan, eta laugarren seniorretan. Horrez gainera, alpinismoa ere egiten du.

 

Zergaitik hasi zinen mendiko eskia praktikatzen?
Txiki-txikitatik gustatu izan zait mendia. 20 bat urtegaz, noizbehinka eski alpinoa egiten nuen Erdella mendizale taldeagaz. Orain hamabi urte mendi eskian hasi nintzen, neure kontura. Hasieran, eski astunekin eta lasai ibiltzen, denak hasten diren moduan. Bost bat urte geroago apur bat serioago hartu nuen kontua. Eski arinekin hasi nintzen, txapelketakoekin, eta ia astebururo joaten nintzen Candanchura entrenatzera. 

Zelakoak dira txapelketako lasterketak? Zer izaten da gatxena?
Elurraren egoerak asko baldintzatzen du jarduna. Elurrak zarakarra badu, orduan da gatxena. Eskiak kateatuta geratzen dira, jausteko arriskua handitzen da, biratzea gehiago kostatzen da… Egoerarik onena elur-hautsa da, elur berria denean. Horrela egotea gustatzen zaigu denoi, baina Pirinioetan gutxitan egoten da horrela.

Zelako probetan moldatzen zara ondoen?
Proba luzeetan. Laburretan igartzen dut ez dudala orain urte batzuetako esplosibitatea. Eta ez dut gura ere halakoetan parte hartzea. Ez dut proba laburretako sufrimenduaren falta igartzen; orain hobeto moldatzen naiz luzeetan. 

Euskal Herrian badago afizioa mendi eskian?
Bai. Candanchuko, Izabako eta Luz Ardidengo Altitoy probetara euskaldun asko joaten da eta euskal giro polita egoten da. Kirolariei dagokienez, mutil askotxo dabiltza. Neskak gutxiago dira, baina bagabiltza batzuk, geroago eta gehiago. Gazteen falta bai igartzen dut, ez dabil gazte askorik. Ea gehiago animatzen diren!

Gustura zaude Izabako proban egindako lanagaz?
Bai. Egia esanda, oso gustura nago, ze azkenaldian lasaiago hartzen nabil kirola eta mendia; gozatzen eta gailurretara joaten, eta ez buru-belarri entrenatzen, eta, hala eta guzti ere, proba oso ondo irten zitzaidan. Gainera, hiru-lau urtean ez da Izabako proba jokatu, pandemiagaitik eta elur faltagaitik, eta asko gozatu nuen, bai giroagaz bai aspaldi ikusi bako lagunekin. 

Hiru lasterketak osatzen dute Kopa. Izabakoa eta Candanchukoa joan dira. Europako Mendietan izango den Andres de Regil proba da hirugarrena. Baduzu asmorik bertan aritzeko?
Ez neukan buruan bertan izena ematea, baina Izaban aspaldiko jendea ikusi eta bertako giroa bizi ostean… Ez dakit zer egingo dudan. Pentsatuko dut.

Mendi lasterketetan ere ibiltzen zara. Aspaldiko afizioa duzu?
Urteei dagokienez, antzera ibili naiz mendiko lasterketetan eta mendiko eskian. Dena dela, betidanik egin dut korrika. Asfaltoko maratoi erdiak eta antzerakoak egiten nituen. Gero, mendian gehiago hasi nintzen. Aurten, lasterketa batzuetan parte hartuko dut. Orain, proba luzeagoak egiten ditut, ultrak.

Esaterako, iaz bosgarren amaitu zenuen Azpeitiko Domusa Teknik Ultra Trailean.
Bai. Proba horretan asko sufritu nuen, sekulako beroa egin zuen! Proba bertan behera uzteko puntuan egon nintzen. Geratu eta denbora batean jesarrita egon nintzen. Baina, gero, gorputzaldi hobea sentitu eta oso ondo amaitu nuen.

Mendiko eskia ala mendiko lasterketak, zer gustatzen zaizu gehiago?
Gehien gustatzen zaidan kirola mendiko eskia da. Eta elurra neguan baino ez dagoenez, sasoi hau mendiko eskirako aprobetxatzen dut. Udaberritik aurrera mendiko lasterketetan zentratzen naiz gehiago. Baina, tira, kirol gehiago ere egiten dut. Eskaladan eta parapentean ere ibiltzen naiz. Batzuetan ez dakit denbora nondik atera denetarako!

Alpinismoa ere egiten duzu. Mendirik garaienak aipatzearren, 2012an Argentinako Aconcagua mendia igo zenuen 'El Conquistador del Aconcagua' EITBko programaren barruan. Bestalde, 2015ean Kilimanjaro igo zenuen, Afrikako mendirik garaiena. Zelan sortu zitzaizun Kilimanjaro igotzeko aukera?
Udako hilabete bitan Tanzaniako haurreskola batera boluntario modura joan nintzen, irakasle. Han egonda, herrialdea apur bat ezagutu gura nuen eta, mendizalea naizenez, ez nuen Kilimanjaro igotzeko aukera galdu gura izan. Errioxar bat ezagutu nuen, berak ere mendia igo gura zuen eta biok joan ginen.

Sei egunetan igo zenuten. Zelan gogoratzen duzu igoera?
Ezin zaitezke zeure kontura joan. Debekatuta dago. Hango gidariak hartu behar dituzu. Horrela joan ginen eta, egia esanda, oso ondo antolatuta zegoen dena. Egunero mila bat metroko desnibela igotzen genuen. Ez da hainbeste ere. Azkeneko egun biak izan ziren gogorrenak. 

Aconcagua, Kilimanjaro… besterik egongo da?
Inoiz pasatu zait burutik besteren bat igotzea. McKinley igotzea gustatuko litzaidake [AEBetako mendirik garaiena]  eta Himalaya ere hor dago. Beraz, auskalo! 2012an Aconcagua igo eta gero, zerbait potentea egiteko gogoa izan nuen, zortzimilako bat barne. Proiektu batean egon nintzen, Juanito Oiarzabalegaz, baina bertan behera geratu zen. Pena handia hartu nuen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!