Enrike Larramendik ehun bat baserriren marrazkiak bildu ditu

Aritz Maldonado 2023ko ots. 20a, 11:00

Marrazkilariaren lanak Elorrioko Iturri kultur etxean egongo dira ikusgai, otsailaren 25era arte. 

Enrike Larramendi elorriarraren pasioetariko bat marrazkigintza da, gazte-gaztetatik. Besteak beste, baserriak margotzea du gustoko. Hain zuzen ere, 115 lanekin erakusketa ipini du Elorrioko Iturri kultur etxean; besteak beste, Elorrioko, Abadiñoko, Durangoko, Elgetako eta Eibarko baserriak ikusi daitezke bertan. "Koadroetako batzuk zaharrak dira eta margotu nituenetik hona aldatu egin dira baserriak, edo bota egin dituzte, baina ondo dago, gogoratzeko", azaldu du Larramendik. Elorrioren kasuan, bertako baserri guztien margoak edukitzea gustatuko litzaioke, eta osasunak "uzten" dion bitartean hori lortzeko lanean dabil. "300 bat baserri daude Elorrion, eta 200 baino gehiago margotu ditut jada; erakusketak beste herri batzuetan ere ipintzen ditudanez, horietako baserriak ere margotzen ditut, baina herriko denak margotzea gustatuko litzaidake". 

Urteotako ibilbidean, hainbat plazatan erakutsi ditu bere lanak Larramendik. "Lehenengoa Argiñetako jaietan izan zen, eta ordutik Bilbora, Gernikara, Debara eta Eibarera eraman ditut nire lanak", adierazi du. Erakusketarik handiena Durangoko Ezkurdi aretoan egin zuen, 140 koadrogaz. Egun, aita jaio zen baserria margotu guran dabil. "Horretxegaz nabil, bati eta besteari galdetzen. Informazioa lortzea ez da erraza izaten, denboragaz baserriak aldatzen joan direlako", azaldu du Larramendik.

Arkatzagaz marrazten hasi arren, lumagaz marraztea du gustokoen Enrike Larramendik. "Detaileez jabetzen naizenean margotzen dut lumagaz, baina gaur egun geroago eta gatxagoa da. Tinta onak lortzea ez da erraza, eta papera ere eskasa da. Ahal dudan moduan margotzen jarraitzen dut", argitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!