Oholtza gainean generoei buruzko eztabaida eta hausnarketa sustatu gura dituen 'Man up' taularatuko dute San Agustinen

Aritz Maldonado 2023ko ots. 11a, 10:30

Gaur izango da emanaldia, hilak 11, 19:00etan; Andrea Jiménez eta Noemi Rodríguez dira Teatro En Vilo konpainiaren 'Man up' obrako zuzendariak. 

Bulkada batetik sortu zuten Andrea Jimenezek eta Noemi Rodriguezek Man up antzezlana. Generoari buruzko eztabaida eta hausnarketa sustatu gura zuten, baina beste ikuspuntu batetik. "Aurretik gizonezkoekin lanik egin bakoak ginen eta proiektuan sakondu ahala zer egin gura genuen ikusten joan ginen. Generoari buruz hausnartzea mende honetako gairik korapilatsuenetarikoa dela uste dugu eta antzezlan hau horri buruz hausnartzeko modua zen. Generoari eta feminismoari buruz gogoeta egin gura genuen, baina emakume biren ikuspuntu hutsa ez zen angelu batetik", azaldu du Jimenezek. "Ez dugu gure esperientzia propioetatik soilik sortu antzezlan hau. Gizonezkoekin lan egin dugu oraingoan, eta antzezlana lantzerakoan elkarguneak topatu ditugu. Hortik ekin diogu obrari, elkargune horietatik", gaineratu du. Lan egiteko modu horrek emaitzan ere eragina izan duela azpimarratu dute zuzendariek. "Ikuskizun beraren barruan lengoaia pila erabili dugu, gaiak ere horrela eskatzen zuelako. Gai zabala da eta antzerkiak eskaintzen dituen erreminta guztiak erabili gura genituen", adierazi dute. 

Zazpi aktore igoko dira taula gainera Jimenez eta Rodriguez barne, zuzendariak izateaz gainera aktoreak ere badira eta: Fernando Delgado-Hierro, Pablo Gallego, Alberto Jo Lee, Juan Paños eta Baldo Ruiz. "Deseraikuntza bat egin dugu, zelanbait esanda, maskara joko bat. Generoaren ideia eraikuntza sozial inposatu lez ulertzen dugu; antzezlanean 'gu'-a agerian geratuko da, maskarak kendu ahala", nabarmendu dute. Man up 2019ko abenduan estreinatu zuten eta ordutik dozenaka emanaldi izan ditu konpainiak. Espainiako Antzoki Sare Nazionalak bere gomendioen artean aukeratu zuen eta Max sarietarako izendapen bi ere jaso zituen. 

Antzerkia hausnarketarako gune lez aldarrikatu dute zuzendariek. "Antzerkia topagune bat dela ulertzen dugu, foro bat. Geroago eta gatxagoa da gatazkara heldu barik eztabaidatzea. Galderak egitea ona da eta guztiek ez dute zertan erantzun bat eduki; uste dugu toki ona dela ulertzen ez dugun hori guzti hori", gehitu du Jimenezek. "Amaieran ikusleek obrari buruz baino gehiago, gaiari buruz berba egitea gura genuke", borobildu du Rodriguezek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!