Esteibarlanda irisgarriago egiteko lanak gaur hasiko dira

Anboto 2023ko ots. 6a, 15:00

Esteibarlanda inguruko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute. Eta 163.821 euro inbertituko dira lan horietara. 

Gaur hasiko dira Esteibarlanda irisgarriago egiteko lanak Elorrion. "Jende asko ibiltzen da herriko gune horretan, besteak beste osasun zentroa bertan dagoelako. Horregatik ezinbesteko da bertako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea", azaldu du Idoia Buruaga alkateak. Lan hauek egiteko auzokideekin eta Osakidetzako langile eta arduradunekin harremanetan egon dela udala jakitera eman dute. "Elorrio guztiontzako herri atsegina, irisgarria eta segurua izatea nahi dugu, eta norabide horretan, hirigintzako proiektuekin beti hartuko dugu kontuan inklusibitatea eta iraukortasuna", esan du alkateak. 

Irisgarritasunari dagokionez, osasun-zentrorainoko oinezkoen ibilbidea eta etxebizitzen atarietako sarbideak hobetuko dira. Bestetik, hondatutako zoladurak eta elementuak ordezkatuko dira. Inguruneari erreparatuta, lorategiei esker berdegunea zabalduko da atarietako sarbideen ondoan, eta lorategi berri bat sortuko da.

Bestalde, anbulantziek eta desgaitasun egoeran dauden pertsonek aparkatzeko plazak aldatuko dira. "Ibilgailu baimenduentzako sarbide mugatu berri bat jarriko dugu", azaldu du Buruagak.

Bukatzeko, hiri-altzariak ordezkatuko dira: bankuak aldatu, paperontziak birkokatuko dira eta dauden farolak konponduko dira. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!