“Dakar rallyko gogorrena eguraldia egin zait, eta egunean 20 orduz oinak bustita izatea"

Anboto 2023ko urt. 28a, 10:30
Hodei Gallastegi Sandra Gómez moto pilotuagaz.

Hodei Gallastegi elorriarra Xraid Experience taldeko fisioterapeuta izan da Dakar rallyan; pozik, baina nekatuta bueltatu da. Nork pentsatuko zuen Dakar rallyko eremu mortuetan eurijasak egingo zituela aurten. Bada, egin zituen eta Hodei Gallastegik ez ditu berehalakoan ahaztuko egun haiek. Hala ere, esperientzia aberasgarria izan dela eta errepikatuko lukeela dio.

Zelako esperientzia izan da?
Oso gogorra. 30 urtean han ez du ia euririk egin eta aurten sei egunetan egundokoak bota ditu. Gainera, altituderik garaienetan egin zuen euririk gehien, 1.400 bat metrotara. Gero, hurrengo kanpamenduan, Riad-en, uholdeak egon ziren. 

Prestatuta zeunden egoera horretarako?
Ez ba! Aurretik jakin izan banu beste arropa mota bat ere eramango nuen, baina ezustean harrapatu gintuen.

Hori izan da esperientziako momenturik gogorrena?
Rallyko gogorrena eguraldia egin zait, eta egunean 20 orduz oinak bustita izatea.

Osasunean eragin dizu?
Hasieran, haranzko hegazkinean, katarroa harrapatu nuen aire girotuagaz. Gero, Dakarreko lehenengo sei egunak oso euritsuak izan ziren. Bada, imajinatu zelan nengoen: orain ibuprofenoa, gero paracetamola, bitaminak… Katarroa gainetik kendu ezinda ibili naiz eta Euskal Herrira bueltatu eta… hemen ere hotza.

Kontaidazu zelakoa zen zure ohiko egun bat, goizetik gauera.
Pilotuekin altxatzen ginen: 03:00 edo 04:00 aldera. Euren materiala eta geurea prestatu, behar zuenari tratamendua eman, dena batu eta 07:00 inguruan hurrengo kanpamendura joaten ginen, 500 bat kilometrora. Ondoren, berriro dena muntatzera. Pilotuak heltzen zirenean tratamenduekin hasten nintzen, 20:00-21:00 ingurura arte. 

Momenturen batean pentsatu zenuen: "Zer egiten dut nik hemen"?
Bai, Errege Egunean, gure taldeko Sara Gómez pilotuak Dakarra abandonatu zuenean. Gainera, uholdeen eguna izan zen, orkatilarainoko ura geneukan eta hurrengo eguna nire urteguna zen. Orduan pentsatu nuen: "Zer arraiotan nabil ni hemen?".  Dakarrak fisikoki ez ezik mentalki ere ondo prestatuta egotea eskatzen du. 

Zeintzuk ziren pilotuek gehien behar zituzten tratamenduak?
Besaurrean, sorbaldan, zerbikaletan… baina gehienbat hankekako barrualdeko abduktoreetan, motoari etengabe eutsi behar zaiolako. Eta atzamarrak. Hainbeste orduan heldulekuari eusten, atzamarrak gogortuta eta luzatu ezinda etortzen ziren. 

Denbora asko eman duzu pilotuekin. Eurekin psikologo lana egitea ere egokitu zaizu?
Bai, gehienbat Diego Llanosegaz. Lehenengo egunean, Dakarra hasi aurretik, jausi egin zen: ubelduak belaunean eta saihetsetan, zuntz haustura iskiotibialean… Antolatzaileek galdetu ziguten ea azterketa mediku sakonagorik behar zuen. Momentu kritikoa zen. Radiografiak bistaratzen zuenaren arabera, lasterketatik kanpora utzi zezaketen. Mina zuen, baina azterketari uko egin genion. Geuk egin genion aurre egoerari, tratamenduagaz hasi ginen eta Dakarra amaitzea lortu zuen. 

Zelan eraman dituzu loa eta deskantsua?
Lehenengo egunetan karpa baten barruan lo egiten genuen. Baina euriak hasi zirenean, furgoneta baten aurreko eserlekuetan lo egiten nuen. Gero, furgoneta beste zeregin batzuetarako behar zenez, motorhome-ko bankuetan egiten nuen lo.

Stéphane Peterhansel, Nasser Al-Attiyah, Sebastien Loeb eta Carlos Sainz. Autoetako lau handiak. Ikusten zenituen? Azpiegitura handia zerabilten?
Trailer eraisgarri bat zeukaten, luzatu egiten den horietarikoa. Imajinatu zelako baliabideak zituzten. Euren paddock propioa zuten eta han egiten zuten bizimodua. Ez nituen ikusi. Euren gune vip-ean egoten ziren eta nik ez nuen hara sarbiderik. 

Berriro Dakar Rallyan aritzeko aukera izango bazenu, baietz esango zenuke?
Orain, hotzean pentsatuta, baietz esango nuke. Dakarrean bizi den adeitasuna goraipatzeko modukoa da. Gainera, oso esperientzia aberasgarria izan da eta giroa asko gustatu zait. Gaindiezinak iruditzen zitzaizkidan egoerak gainditu ditut eta pertsonalki hazteko balio izan dit. 

Gorputzak zenbat denbora behar du horrelako ahalegin batetik errekuperatzeko?
Oraindino ezin dizut erantzun, guztiz errekuperatu barik nago eta (barrez). Hori bai, urteak dira ez nuela hain ondo lo egiten. Ohera sartu eta lo siku. 

Argalduko zinen kilo batzuk…
Ez ba, kilo bi hartu. Jangelako janariak kumino espezia zeukan eta azkenerako nekatu egiten zaitu. Hori saihesteko, buffeteko beste gauza batzuk jaten hasten zara, pasta edo gauza gozoak, eta azkenean… 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!