“Umorea erronkei aurre egiteko eta bizitza ikusteko beste modu bat da"

Anboto 2023ko urt. 21a, 10:30

Xabier Malatsaetxebarriak (Elorrio, 1997) gogoko du barrea eragitea, eta apur bat showman lez ikusten du bere burua. ETB1eko 'Naufragoak' saioko umore bikotea osatu dute berak eta Juan Pablo Mariasek, eta abenturak oraindino gehiago batu dituela dio. Irabazteko atarian geratu zen arren, azkenera arte disfrutatu du abentura eta argi du errepikatu egingo lukeela; teknikoki hobeto prestatuta, hori bai. 

Ateetan geratu zinen azkenean.
Bai. Abentura osoan zehar, egun bat gehiago iraute hutsa nire buruaren mugak gainditzea izan da, erronka bat gehiago gainditzea. Bada, asko poztu ninduen azken egunera arte han egongo nintzela ikusteak. Finala irabazi egin gura nuen, besteek lez. Baina aukerarik ez nuela ikusita momentua disfrutatzea erabaki nuen, eta proba amaitzen ahalegintzea, helmugara heltzean zer sentitzen den jakiteko. Oso pozik nago egindakoagaz. 

Horren urrun heltzea itxaroten zenuen?
Ez. Ondo kontrolatzen dut gorputza, baina teknikoki ez nintzen batere prestatu. Harro egoteko moduko abentura egin dudala uste dut. Txarto pasatu dut, baina oso momentu onak ere bizi zan ditut. 

Saioari gatza eta piperra ipini dizkiozue. Halako esperientzia bat bizitzeko premiazkoa da umorea?
Bai, eta dena emateko prest egotea ere bai. Azken finean, 'reality' bat da. Nik neuk ere, ikusle modura, asko eskertzen dut dena ematera doan leihakidea, bere alde desberdinak erakustera doana, umorea, haserrea... erakustea. Horrek erakarri egiten du ikuslea. Juanpak eta biok umorez jokatu izan dugu beti, eta argi genuen ikusleari zeozer gehiago eskainiko geniola. Erronkei aurre egiteko eta bizitza ikusteko beste modu bat da umorea, bizikidetzarako beharrezkoa. Umoreak asko lagundu digu erronkei aurre egiten. 

Esperientzia errepikatuko zenuke?
Dudarik barik. Seguruenik bikotekide beragaz. Lehiatzeko, probak muntatzen laguntzeko edo beste edozertarako. Horrelako abentura baterako prest nago beti! Txalupatik salto egin eta begiak zabaltzean irla ikusi nuenean, barrua irauli egin zitzaidan. Bost bider egin dut castinga 'El Conquis'-en parte hartzeko. Bada, antzerako abentura bizitzeko aukera ikusi nuen saioaren berri izan nuenean. Argi nuen joan gura nuela, eta Juanpa sokatik tiraka eroan nuen.

Beraz, reality zalea zara?
Reality zalea baino gehiago, erronka zalea. 'El Conquis'-ek erronka fisikoa eta psikologikoa eskatzen ditu, eta nire mugak non dauden topatzeak asko motibatzen nau. Aukerarik badut, seigarrenez aurkeztuko naiz datorren urtean.

Elorrioko errugbi taldeko lehenengo maskota ere izan zinen. Zelako lana da?
Orain lau urteko kontuak dira horiek. Mailaz igotzeko ginen eta taldearen irudia den azkonarragaz maskota bat sortzea pentsau genuen. Errugbian 12 urtean jokatu ondoren, parte hartzen jarraitzeko modua ere izan zen maskota lez jardutea. Mailaz igo arteko partidu guztietan irteten nuen. Maskota ezin da geldirik egon, ahalegin fisiko bat eskatzen du (barrez). Gainera, keinu eta irudi batzuk ikasi behar dira. Orain jokalarien artean txandakatzen dira. Errugbi Eskolako umeekin agerraldiak egitera eta errugbiarekiko zaletasuna piztera bideratuago dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!