-Gailuk eta Otoik kontzertua emango dute Ateneoan

Anboto 2023ko urt. 20a, 10:30
Galder Izagirre.

Ibilbide luzeko musikariak artista uzta berriagaz batuko dira barikuan Elorrioko Ateneon.  AteneON zikloaren barruan, -Gailu eta Otoi taldeek kontzertua emango dute.

 Okene Abregok, Mikel Abregok eta Mariano Hurtadok osatzen dute -Gailu hirukotea; Negu Gorriak, BAP! eta Inoren Ero Ni taldeetan aritutakoak dira gipuzkoarrak. Ahotsa, bateria, baxua eta sanplerrak nahastuta sortzen dituzte erritmo eta doinuak. Bestalde, Otoi taldea bizkaitik dator. Urtzi Izaren bakarkako proiektua da. Soinu teknikariak Euskal Herriko hainbat taldegaz lan egin du; besteak beste, Vulk, TOC eta Nize taldeekin. Taldeak Tophus lana argitaratu zuen iaz. 

22:30ean hasiko da gaualdia. Sarrerak zortzi euroan (edari bat barne) erosi daitezke. Kontzertuen ondoren, etxeko musika jartzaileek girotuko dute gaua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!