Elorrioko autokarabana guneak Bizkaiko eremurik onenaren zigilua lortu du

Maialen Zuazubiskar 2023ko urt. 19a, 10:18

Elorrioko autokarabana gunea Bizkaiko gunerik onena izendatu du areascamper.com webguneak.

"Edozer kalifikatzerakoan, beste zerbaitekin alderatzeko aukera emango duten parametroak izan behar ditugu; horrela ondorioztatzen dugun gune bat onena dela", azaldu dute blogeko egileak. 

Balorazioa egiterakoan, kokapena, guneko itzala eta argitasuna, zoruaren egoera, bertan dagoen lasaitasuna, plaza kopurua eta argindarra eta ura izateko aukera hartu dituzte kontuan.

Balorazio teknikoan ageri denez, Elorrioko autokarabanen gunea AP-8 autobiaren 84. irteeratik 7,5 km-ra eta N-636 errepidetik 500 m-ra dago, asfaltatutakoa da, plaza egokiekin eta itzala nahiz argitasuna du. Hirigune historikotik metro gutxira egotea eta sarbide erraza izatea positibotzat jo dute areascamper.com-eko kideek, eta baita gunean gaua lasai igarotzeko aukera egotea ere.

Ur- eta elektrizitate-zerbitzuak erabiltzeko erraztasuna ere azpimarratu dute; izan ere fitxak Turismo Bulegoan daude eskuragarri martitzenetik domekara 10.00etatik 14.00etara eta zapatuetan 16.00etatik 18.00etara. Gainera, ordutegi horretatik kanpo, Udaltzaingoaren bulegoan ere eskuratu daitezke, 06:00etatik 22: 00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!