Ziortza Isasi Be Pink talde italiarrean ariko da datorren denboraldian. Denboraldi baterako sinatu du elorriarrak. "Zerbait berria behar nuen eta euregaz harremanetan jarri nintzen. Akordio batera heldu gara eta gogotsu nago denboraldi berrirako", aitortu dio ANBOTOri Ziortza Isasik Portugaldik. "Taldea Belgikako lasterketa askotan egoten da eta niri lasterketa horietan egoteak ilusioa egiten dit. Niretzat aproposak izan daitezkeen lasterketak dira eta aldaketa honek beste helburu batzuk izatea ekarriko dit", jarraitu du Isasik. Be Pinken 14 txirrindulari daude eta Euskal Herriko zein Espainiako lasterketetan ere ariko dira.
Isasi Eneicat taldean aritu da azken urteotan eta hitz politak izan ditu taldeko arduradun diren Eneritz Iturriaga eta Humberto Gomezentzat. "Niretzat Eneritz eta Humberto oso garrantzitsuak dira, eurekin hazi eta hezi naiz. Gainera, Eneritz moduko txirrindulari bat norbere zuzendari izatea ohore bat da, eta izugarri lagundu dit", aitortu du Isasik. Taldea "penaz" uzten duela aitortu du. "Pena handiarekin noa taldetik, baina momentua heldu da. Hala ere, badakit beti ondoan izango ditudala", gaineratu du elorriarrak.
Denboraldi honetan ere elorriarrak errepidea eta pista uztartzen jarraituko du. Momentu honetan, esaterako, Espainiako pistako selekzioagaz kontzentratuta dago Portugalen eta asteburuan urteko lehenengo lasterketa izango du Anadiako (Portugal) belodromoan.