Motoen mundua umetatik gustatzen zaizu?
Bai, 14 urtegaz lagunekin ibiltzen nintzen. Nire lehenengo motoa Mobylette bat izan zen. Gero mendiko Yamaha bat eduki nuen eta 17 urte nituenetik aurrera trialekoak erabili ditut.
Euskal Herrian jende asko dabil trialean ala gutxi zarete?
Tira, afizioa apur bat bajatu da, baina badabil jendea; inguruko probetan Euskal Herriko 80 bat elkartzen gara. Gainera, hemen maila ona dugu. Esaterako, iazko hirugarren sailkatua arabarra da eta beste arabar batek ere hainbat bider irabazi du txapelketa.
Probatu duzu triala ez den beste modalitaterik?
Gazteagotan enduroa probatu nuen, baina niri triala gustatzen zait. Enduroan abiadura garrantzitsua da eta trialean, ostera, abilidadea da inportanteena. Estilo hori asko gustatzen zait; mendiko ginkana moduko batean oztopoak gainditzea teknikak lagunduta. Oztopo bakoitza erronka desberdin bat da.
2019an irabazi zenuen Espainiako txapelketa lehenengoz. Sorpresa izan zen?
Banekien goian ibiltzeko aukera nuela. Izan ere, 2016an, lagun batzuek animatuta motoetara bueltatu nintzenean, txapelketa hirugarren amaitu nuen eta ondo nenbilela ikusteak animatu egin ninduen.
Zein izango da helburua aurten?
Laugarrena irabaztea edo borroka horretan egotea, lesiorik edo antzerakorik ez badut.
Irabazteko faborito izatearen presiorik sentitzen duzu?
Tira, apur bat bai (barrez). Batez ere lasterketa hasieretan apur bat urduri egoten naiz, edozein huts errekuperatzea kostatu egiten da eta.
Fisikoki kirol exigentea da?
Momentuak daude. Motokrosean, esaterako, uneoro tentsioan zaude, baina triala ez da horrelakoa. Momentu batzuk tentsio handikoak dira, baina, gero, tarte batetik bestera atseden hartu daiteke. Trialean koordinazioa eta indarra dira garrantzitsuena, hankekin eta besoekin motoa mugitzeko eta ondo kokatzeko ahalmen hori.
Espezialitate arriskutsua da?
Ezetz esango nuke, ez garelako abiadura handian ibiltzen. Gure aseguruak beste espezialitate batzuetakoak baino merkeagoak dira horregaitik. Gaur egun trialean gatxa da hanka bat apurtzea eta antzerakoak gertatzea.
Motoak zeresan handia du emaitzetan?
Trialean motoak ez dauka hainbesteko zeresanik; norberak ipintzen duena da inportanteena. Beste modalitate batzuetan motoak diferentzia handiagoa markatzen du, baina trialean justu alderantziz gertatzen da.
Horrek balioa ematen dio gidariari.
Bai, baina beste alde batetik begiratuta trialean ez dago errua inori botatzerik; ez motoari eta ezta beste parte hartzaileei ere, azken batean zeu bakarrik zabiltzalako. Hutsa norberarena da.
Gaur egun zein moto darabilzu?
Bi ditut, Bultaco Sherpa markakoak. Neuk prestatu ditut, desmuntatu, konpondu, muntatu, pintatu… ordu batzuk sartu ditut!
Non entrenatzen zara?
Inguruko harrobi zaharretan gehienbat. Batzuetan Betsaide edo Udalatx aldera joaten naiz, baina gutxiago. Lagunekin geratzen naizenean Sondika inguruko gune batera joaten gara. Bizkaiko jenderik gehiena han batzen da.
Motoen munduan baduzu ametsen bat betetzeko? Lasterketa bereziren batean parte hartzea, beste modalitateren bat probatzea…
Egia esanda, ez. Gerritik apur bat justu nabil eta modalitate hau eramangarria da alde horretatik. Trialak asko asetzen nau eta ez kirol ikuspegitik bakarrik, baita gidariok geure artean dugun giroagaitik ere. Oso hartu-eman ona dugu. Batzuetan lasterketen ondoren elkarregaz afaltzen dugu, bata besteari laguntzen ahalegintzen gara… Horri balio handia ematen diot.
Beste ezer gehitu gura duzu?
Durangoko TTM tailerrari eta Kataluniako The Magicals-i eskerrak eman gura dizkiet eskaintzen didaten laguntzagaitik.