Bertako basoak babesteko 300 zuhaitz landatuko dituzte Memaian

Maialen Zuazubiskar 2023ko urt. 11a, 14:37

Elorrioko Udalak erosi behar dituzten lursailetan 300 zuhaitz landatuko dira. Haritza landatuko da batez ere, baita gaztainondoa eta urkia ere. 

Bertako basoak eta zuhaitz sustatzeko asmoarekin, zuhaitz landaketa antolatu du Elorrio-Atxondo Baso Biziak elkarteak, Elorrioko Udalaren babesarekin. Landaketa auzolanean egingo da urtarrilaren 29an, Memaian. Baina, zapatu honetan, hilaren 14an, eremua prestatzera joateko gonbidapena egin dute. Parte hartu nahi dutenak 9:00etan bertaratu beharko dira San Jose frontoira. 

Urtarrilaren 14ko deialdia helduei zuzendutakoa da; zuloak egin eta eremua seinaleztatuko da. Hilaren 29kora, berriz, herritar guztiak daude gonbidatuta, haur zein heldu. Egun horretan ere, 9:00etan egingo da hitzordua frontoian eta oinez abiatuko dira boluntarioak landaketa puntura. 

Bestalde, ekimenaren sustatzaileek bakoitzari bere aitzurra eramatea eskatu diete, eta arropa eta oinetako egokiak. 

Izena ondorengo esteka hauetan eman beharko da: urtarrilaren 14ko deialdirako, hemen. Eta urtarrilaren 29rako, hemen

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!