Kutsadura akustikoari aurre egiteko zarata-mapa osatu dute Elorrion eta hainbat eremutan gehiegizko zaratak identifikatu dituzte

Anboto 2023ko urt. 10a, 11:10

Elorrioko Udaletik jakitera eman dutenez Elorrio EAEko lehenengo herria izan da trantsizio eremuetako zarata-mapa egiten. 

Elorrioko Udalak horrela eskatuta Elorrioko egoera akustikoa ebaluatzeko zarata-mapa egin du Tecnalia enpresak. Udalak ohar bidez azaldu duenez, herriko hainbat eremutan gehiegizko zaratak identifikatu dituzte, eta emaitza horiek kontuan hartuta, kutsadura akustiko horri aurre egiteko neurriak eta ekimenak proposatu dituzte. 

Egunean zehar bost puntutan identifikatu dituzte gehiegizko zarata-iturriak, arratsaldez puntu bakarrean eta gauean zortzi puntutan. Gune horiek guztiak Betsaide, Urkizuaran eta Morgaondo kaleetan edo inguruetan biltzen dira. 

Hori horrela eta hobekuntza akustikorako neurriak hartzeko Tecnalia enpresak ekintza plana zehaztu du: "Planak hainbat neurri eta ekimen biltzen ditu, gehiegizko zarata hauteman den eremuetan kalitate akustikoko helburuak lortzeko. Horien artean, aipatzekoa da Elorrioko udalerrian industria-jarduera kudeatzeko lantalde bat sortu dela. Lantaldea hainbat eragilek osatzen dute", azaldu du Idoia Buruaga alkateak. 

Horrez gain, ibilgailu astunen logistika-plana, gehien kaltetutako eraikinen isolamendua hobetzeko plana eta trafikoan eragiteko neurri batzuk ere proposatu dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!