Ernaik bere 10. urteurrenean Elorrio aukeratu du Gazte Topagunea antolatzeko. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan egitarauaren berri eman dute. Merina Gris, Lukiek, Zetak, Sua eta beste hainbat taldek kontzertuak emango dituzte apirilaren 6tik 9ra bitartean. Egitarau osoa aurrerago aurkeztuko duten arren, hizlari batzuk ere nabarmendu dituzte: Jordi Borras eta Kattalin Miner, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia, Eraitz Saez de Egilaz eta Lur Albizu, Jule Goikoetxea, Garbiñe Aranburu...
"Gazte topagunea, gazteek aldaketarako eta eraikuntzarako duten gaitasunaren erakusleiho ere izango da. Ehunka gaztek elkarrekin, autogestioaren bidez eraikitako espazio bat”, azaldu dute aurkezpenean. Hamargarren urteurrena ere gogoratu dute prentsaurrekoan: “Aurtengoa, ez da edozein Gazte Topagune izango. Ikasturte hasieran esan genuen bezala, aurten Ernaik 10 urte beteko ditu eta Elorrion ospakizunerako aukera ere izango dugu. Urte luze hauetako ibilbidea gogoratzeko noski, baina batez ere 10 urte barruko Euskal Herria imajinatu eta irudikatzekoa. Beste hamaika urtez ere Ernai egoten jarraituko dugulako”.
Egunero, egun osoko egitaraua prestatuko dute. Urtero bezala ekitaldi nagusia zapatu arratsaldean egingo dute. Domekan berriz, Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egin dute.“Elorrio 3 egunez gurea egingo dugu, gazteon herria bilakatuko dugu, independentzia, sozialismoa eta feminismoaren herria". Sarrerak BIBE online plataforman eskuragarri daudela gogorarazi dute, eta bono fisikoak ohiko tokietan
aurkituko daitezkeela.