Elorrioko Udalak hobekuntza lanak egingo ditu Argiñetan. 385.000 euroko diru partidagaz, hainbat egokitzapen lan egingo dituzte urtea hastearekin batera. Batetik, errepide nagusitik ermitara doan bidea egokituko dute. Bestetik, nekropolira ibilgailuen sarbidea saihesteko pibotea ipiniko dute. Azkenik, hainbat egokitzapen egingo dute inguruetan. Hiri-altzari berriak ipintzeaz gainera, nekropoliko hainbat harri birkokatuko dituzte, bertako haritzen sustraiek harriok mugitu dituztela-eta. Proiektua arkeologian aditua den talde batek gainbegiratuko du, "ingurua ahalik eta gutxien" eraldatzeko. Lanek Eusko Jaurlaritzaren parte hartze ekonomikoa izango dute eta hiru bat hilabete iraungo dute martxan ipintzen direnetik.