“Afizioagaitik idazten dut, baina kritika egiteko ere oso baliagarria zait; oraingoan, faxismoa eta Eliza egurtu ditut”

Anboto 2022ko abe. 26a, 09:00

Zigor Goitiandia zornotzarrak bere bigarren liburua publikatu du oraintsu: Zaharkin santua. Euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu du. Lagun talde batek abentura bat biziko du hainbat sekretu gordetzen duen liburu honetan; lehenengo sorpresa azalagaz jasoko du irakurleak. El camaro destartalado lehenengo liburuan egin zuen lez, estilo bizia erabili du Goitiandiak. “Nahiko estilo zinematografikoa erabili dut bietan, atal laburrekin eta egituraketa anarkiko bategaz; elkarrizketei ere garrantzi handia ematen diet”, esan du Goitiandiak.

Gaiz eta erregistroz aldatu duzu liburu honetarako.
Gauza asko idazten ditut, erregistro ezberdinetan. Aurrekorako, aukeratu nuen formatua nahiko zinematografikoa izan zen. Zelanbait esateko, Quentin Tarantinok bere pelikuletan erabiltzen dituen ezaugarriak erabili gura nituen; metafora hiperbolikoak, adibidez. Oso ondo pasatu nuen El camaro destartalado idazten, eta jaso nuen erantzunagaz ere pozik geratu nintzen. Oraingo honetan istorio guztiz desberdin bat idatzi dut; pertsonaiek ez dute zerikusirik, baina formatuak bai. Hemen ere badaude pertsonaiak esku artean zer objektu duten ez dakitenak; beste pertsonaia batzuengandik ihes egitea tokatzen zaie. Hemen ere Bilboko San Frantzisko kalean eta inguruetan kokatzen da akzioa. Ihesaldian gauza desberdinak gertatzen zaizkie, eta horietariko bakoitza sekuentzia zinematografiko bat balitz lez kontatzen dut. 

Akzio berdinak ikuspuntu desberdinetatik kontatzen ditut. Hortik, gurata bilatu dudan estruktura anarkikoa. Kapitulu bakoitza irakurtzean baliteke guztiz ez ulertzea zer gertatzen dabilen, baina gurata bilaturiko efektua da. Lehen aipatu dudan egitura zinematografiko hori bilatu dut, Snatch (Guy Ritchie, 2000) edo Airbag (Juanma Bajo Ulloa, 1997) filmeetan ikusi daitekeenaren antzera.

Idatzi aurretik, atalak laburrak izan behar zirela erabaki nuen. Hizkuntza zuzena erabili dut, deskripzio askorik bakoa; gurago dut elkarrizketen bitartez egin deskripzio horiek. Zerbait gehiago azpimarratzekotan, umore beltzaren erabilera nabarmenduko nuke. Kritika egiteko oso baliagarria zait. Kasu honetan, nazismoa, faxismo italiarra, frankismoa... izan ditut jomugan; nik disfrutatu egiten dut idazten, baina ostia txar hori ateratzeko ere baliagarria zait. Eskuin muturra gora egiten ari da leku askotan eta horrek arduratu egiten nau. Elizari eta monarkiari ere bota diet gezia, baina beti ahalegindu izan naiz fundamentu historikoagaz egiten. Gertakizun historiko batzuk benetakoak dira eta aurreko liburuagaz ere gertatu zitzaidan irakurle batek baino gehiagok harrituta galdetzea hori, ea zelan zen posible horiek benetan gertatzea.

Aurrekoan lez, 80ko hamarkadan kokatzen da istorioa, beraz.
Istorioa hurbilekoa izatea gura dut, baina ez gaur egungoa. Gustuko ditut autoak, bideak euren hotelekin eta horrelako paisaiak, baina, aldi berean, mugikorrekin informazioa hain eskura egotea saihestu gura nuen. Flashbackak-eta badaude, eta harrigarria egiten zait ikustea zelan pertsonaia batzuek urteen joan-etorriagaz ere pentsakera berdinei eusten dieten. 

Testuinguru horretan gustura egon arren, egia da dokumentatu ere egin naizela. Historiari fidela izatea gustatzen zait, eta ni dokumentatzeaz gainera, historialari adituei ere galdetu diet. Interneten informazio asko dago, baina ez da hain baliagarria sakon lantzeko. Hori bai, argi utzi gura dut ez dela nobela historiko bat.

Izenburuagaz eta azalagaz despistean jolas egin duzu, beraz.
Bere arriskua izan zezakeela esan zidan editoreak, eta publikatu aurretik liburua irakurri zutenek ere esan zidaten hori. Baina nik horrela egin gura nuen. Ni ez naiz Ken Follet, ez dut liburuak saltzeko premiarik. Irakurtzen dutenek sorpresa hori hartzea gura dut, eta askea naiz gura dudan moduan publikatzeko. Ondo pasatu dut idazten, eta irakurleak ere ondo pasatzea gura dut. Jakina, laguntza ere eduki dut, diseinuagaz, maketazioagaz, euskarazko testuekin...

Hizkuntza bitan argitaratu duzu liburua, euskaraz eta gaztelaniaz.
Aurrekoa nire lehenengo liburua izan zen eta argitaratu izanak bakarrik sekulako ilusioa egin zidan. Afizioagaitik egiten dut hau, eta inbertsio ekonomiko bat egin nuenez gaztelania lehenetsi nuen hori berdintzeko. Hala ere, zor moduko bat sentitzen nuen, euskara delako nire ama hizkuntza. Aurreko liburuak irabaziak ekarri zizkidanez, oraingo hau euskaraz eta gaztelaniaz kaleratzea erabaki nuen. Neuk idatzi ditut bertsio biak, eta, egia esateko, gustura aritu naiz zati batzuk euskaratzen eta beste batzuk gaztelaniara itzultzen.

Non erosi daiteke liburua?
Zuzenean nigaz hartu-emanetan ipinita, edo, bestela, Zornotzako Aierdi eta Bilboko Anti liburu-dendetan. Nik ez dut promoziorik egiten, aspertu egiten nau. Idazten naiz zoriontsua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!