Elorrioko musikazaleen AteneON ekimena bueltan da, Silitia eta EZ EZ EZ taldeegaz

Anboto 2022ko abe. 16a, 14:30

Argazkia: Arriguri

22:30ean hasiko da, eta sarrerak 8 euro balioko dute; momentuan erosi ahalko dira.

AteneON ekimeneko denboraldi berriari ekingo diote gaur. Musikazaleek kontzertu gehiago egiteko asmoa duten arren, oraindino bi egin dituzte publiko. Gaurkoa da lehenengoa, eta Silitia eta EZ EZ EZ taldeek joko dute, 22:30ean. Silitia taldea Xabier Barrutiak (gitarrak, baxua, bateria eta teklatua) eta Ibai Silicatok (ahotsa eta perkusioa) sortu zuten, Bilbon. “Inprobisaziotik hasi eta dantzatzea” dute gustuko, eta askotariko proposamena dute, euren esanetan: “Batzuetan rockeroagoa, beste batzuetan lasaiagoa; batzuetan elektronikoa, beste batzuetan guztiz organikoa”. EZ EZ EZ Unai Madariaga musikari bilbotarraren proiektu berria da. When i think something funny I smile diskoa kaleratu du oraintsu, eta hori aurkeztuko du barikuan. Doinu desberdinak batzen ditu, oinarria rocka den arren. 

Jaia borobiltzeko, etxeko musika jartzaileak egongo dira. Sarrerak kontzertu egunean bertan ipiniko dituzte salgai, 8 euroan.

Hurrengoa, urtarrilean
Bigarren hitzordua urte berria hasteagaz batera izango da, urtarrilaren 20an. Gau horretan, Otoik eta -Gailuk emango dute kontzertua. Otoi Urtzi Iza musikari eta ekoizlearen proiektua da; Tophus diskoa kalera du oraintsu. -Gailu talde beteranoa da. Mikel Abrego musikariak (BAP!, Negu Gorriak, Anari...) sortu zuen, 1997an, Luis Andre bideogileagaz batera; 2021ean proiektua berpiztu zuen Abregok, eta Begiak, egiak ba ote? diskoa kaleratu zuen Okene Abregogaz eta Xabier Olazabal 'Drake'-gaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!