Gaur eguerdian egin dute 'Buzkantz Jairen' baitan egindako odoloste txapelketaren sari banaketa. 2022ko odoloste onena Igorreko Rekalde harategiak egin du. "Oso pozik gaude, azken batean sari hau errekonozimentu bat da", azaldu dio ANBOTOri Aitziber Egidazuk, Fernando Rekalde harakinaren emazteak.
Igorreko harakinak bigarrenez parte hartu du lehiaketan; 2019an bigarren postua eskuratu zuen. Eta Egidazuk horrelako txapelketetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du. "Egunerokoan lanpetuta ibiltzen gara, eta batzutan zalantzak izaten ditugu lehiaketetan parte hartu edo ez. Baina horrelako lehiaketak motibazio bat izaten dira. Gainera, bezeroei ere gustatzen zaie ikustea nola beraien harakinak saria irabazi duen".
Igorreko harategiak 200 euroko saria jaso du Elorrioko Udalaren partetik, eta horrez gain beste bost sari ere banatu dira. Txapelketan parte hartu duten beste hiru harakinei 50 euroko bi bono eman dizkiete EMEko dendetan erabiltzeko. Eta bozketan parte hartutako herritarren arten ere beste bi sari banatu dituzte. Bakoitzari 50 euroko bono bana eman diete.
Bestalde, udaletik txapelketaren balantze positiboa egin dute, eta oso eskertuta agertu dira. "Eskerrak eman gura dizkiegu harakinei, merkatari elkarteari eta Iturrizoro elkarteari. Baita, Buzkantz Jaian parte hartu duten elkarte, taberna eta herritarrei", azaldu du Alazne Mendizabal zinegotziak.