Elorrion Montorra eremuan 140 etxebizitza egingo dira; horietatik 70, babes ofizialekoak

Anboto 2022ko abe. 1a, 12:39

Elorrioko Udaletik jakitera eman dute herritarrekin batera egindako proiektua dela, duela lau urte abiatu zela eta ordutik bilera ugari egin direla. Orain alegazioak aurkezteko epea irekiko da, behin betiko onartu aurretik. 

Joan zen barikuko osoko bilkuran Montorra eremuan 140 etxebizitza egitea onartu zuten, hau da, proiektua hasieraz oanartzea. "Ilusio handia egiten digu plan honek. Herriaren garapenerako gune oso interesgarria da; Elorrio nabarmen hobetuko da", azpimarratu du Idoia Buruaga alkateak. 

Proiektuak 140 etxebizitza jasotzen dira; horietatik 70 babes ofizialekoak izango dira, 40 sozialak eta beste 30 tasatuak. "Etxebizitza tasatuak eta sozialak guztien erdia dira", nabarmendu du alkateak. 

Horrez gain, Buruagak aurreratu du plan honek Alde Zaharra eta Ganondo parkea bi zubiren bidez lotzea aurreikusten duela, eta mugikortasunari dagokionez ere aldaketak egongo direla. "Kotxeak herrigunetik ateratzeko aurreikusi zen eraztuna garatzen joango gara. Gainera, Ganondo parkeaz gozatzeko aukera izateaz gain, Montorra eremuan ere espazio berde handia izango dugu", gehitu du. 

Goietako plana bertan behera
Bestalde, Goietako plana bertan behera geratuko dela aurretatu du gobernu taldeak. "Hasieraz onartu zenean, alegazio asko jaso ziren. Egonezina erakutsi dute herritarrek, beta bertan behera uztea erabaki dugu", azaldu dute. 

Urkizuaran udalarena
Bukatzeko, hemendik aurrera Urkizuaran kalearen eskuduntza Elorrioko Udalarena izango dela iragarri dute: "Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenean hainbat hobekuntza jasotzen dira San Anton ermitatik tartearen amaieraraino doan bidean". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!