Abenduaren 2tik 3ra egingo dute Elorrioko 24 Ordu Digitalean

Aritz Maldonado 2022ko aza. 22a, 12:28
Karlos Gomez eta Idoia Buruaga

Film laburren lehiaketa ezagunaren XVII. edizioa da aurtengoa. Abenduaren 2aren 17:00etan laburmetraiaren oinarri zehatzak ezagutu eta parte hartzaileek 24 ordu izango dituzte film labur bat aurkezteko. Abenduaren 3ko 20:00etan ekitaldia egingo dute Arriola Antzokian parte hartzaileen lanak publikoan erakusteko. 

Karlos Gomez lehiaketaren arduradunak 24 Ordu Digitalean Elorrion errotuta dagoela nabarmendu du. "Parte hartzea beti izan da ona. Hasiera batean Euskal Herriko txoko guztietatik etortzen ziren partaideak, eta gaur egun ere horrela da, baina gehienak Durangaldekoak dira. Gero eta elorriar gehiago animatzen dira baita ere". Idoia Buruaga Elorrioko alkateak, giroa azpimarratu du. "24 Ordu Digitaleanek sormena eta originaltasuna saritzen ditu, baina batez ere, ondo pasatzea da garrantzitsuena". 

Abenduaren 3ko 20:00etan laburmetraien emanaldia izango da, eta ostean, sari banaketa egingo da; sari nagusia 700 eurokoa izango da, eta finalistentzako 500 euroko beste bi sari egongo dira.  

Gazteentzako ikastaroa

Bestalde, mugikorrarekin ikus-entzunezko lanak egiteko tailerra eskainiko dute azaroaren 26an. "Telefono mugikorrak sarri jo puntuan jartzen dira erabilera okerra ematen zaielako, baina erabilera egokia izanda aliatuak izan daitezkeela gogoratu behar da. Adibidez, irudiak grabatzeko eta muntatzeko aukera ematen dute", azaldu du Buruagak. 

Ikastaroa azaroaren 26an izango da, 10:30-13:30 bitartean, eta teoria eta praktika uztartuko ditu. 16-30 urte bitarteko gazteei bideratua dago, eta doakoa izango da. Parte hartzeko izena eman beharko da azaroaren 23a aurretik; gehienez hamabi laguneko taldea osatuko da, eta gutxienez lau lagunek eman beharko dute izena saioak aurrera egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!