Liga aste biko denboraldia eginda hasi zuten. Beraz, gainerako taldeekin alderatuta desabantailan zeuden. Eibarren eta Bizkerreren kontrako partidu oso onak, beste eskasago batzuekin —Hauskaitz eta San Ignacioren kontrakoak— tartekatu zituzten. "Bagenekien hasieran kostatu egingo zitzaiguna", onartu du Gontzal Arana entrenatzaileak. Baina partiduak pilatu ahala erritmoa hartzen eta prestaketa fintzen joan dira eta emaitzek sasoian daudela erakusten dute. Azken bost partiduetatik hiru irabazi eta bakarra galdu dute, Alaves liderraren zelaian.
Talde zabala
Aurten talde zabala dute. Beteranorik gehienek jarraitu egiten dute eta zortzi jokalari berri batu zaizkie, euretariko lau harrobitik igotakoak: Izaro Sanz, Itsaso Soria, Maider Aranguren eta Udane Olaberria. Beraz, beteranoen esperientziari odol gaztea batu zaie eta, orain arte, funtzionatzen ari den errezeta da. Gainera, ematen du datorren urteetan ez dutela beheko mailetatik hornitzeko arazorik izango, inoiz baino gazte gehiago dituzte-eta Zalduak eta Elorriok elkarregaz daramaten Biak Bat harrobiko klubean.
Hurrengo partidua gaur bertan jokatuko dute, 21:00etan, Elorrion. Iaz bigarren tokian amaitu ostean, aurten espero baino pattalago dabilen Anaitasuna talde azkoitiarra —12. postuan daude— izango dute aurkari. Garaipen batek hirugarren kokatuko lituzte elorriarrak behin-behinean.