Elorrioko Udalak ikusten ez den indarkeriari erreparatzeko deia egin du

Anboto 2022ko aza. 16a, 10:17

Elorrioko Asanblada Feministak azaroaren 25ean elkarretaratzea egingo du plazan, 18:00etan. Udalak bertaratzeko deia egin du. 

Azaroaren 25ean indarkeria sinbolikoan jarri nahi dute arreta Elorrioko Udalak eta herriko mugimendu feministak. "Ondo dakigu emakumeen aurkako indarkeria ez dela soilik fisikoa; eguneroko praktiken bidez indarkeria hori gauzatzeko beste modu asko daude, oharkabean pasatzen direnak", adierazi du Alazne Mendizabal Berdintasun zinegotziak. 

Udaletik azaldu dutenez, indarkeria sinbolikoa indarkeria ikusezinari, azpikoari edo inplizitua den bortizkeriari deitzen zaio, hau da, harreman asimetrikoen testuinguruan eraikitako estrategia sozialei. 

"Azaroaren 25 honetan, ikusezina dena ikusarazi nahi dugu. Emakumeek indarkeria mota hori pairatzea eragiten duten pribilegioak argitara atera nahi ditugu eta era berean, Elorrion izan diren eraso guztiekin batera, aurten indarkeriaren normalizazioa eta emakumeak kontrolatzeko jarrerak salatu nahi ditugu", adierazi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!