Rumbling Lipsek emango dio hasiera Elorrioko XXXIII. Jazz Blues jaialdiari

Anboto 2022ko aza. 8a, 15:30

Jazz eta blues doinuek Elorrioko Ateneo beteko dute beste urte batez. Jaialdiak hiru hamarkadatik gora daramatza martxan, eta ohiko filosofiari eusten.

Alde batetik, bertako eta inguruko zaleentzat jazz eta blues doinuen eskaintza anitza edukitzea bilatzen dute, eta, bestetik, azken joeren erakusleiho izatea. Horrela, Rumbling Lips gipuzkoarren emanaldiagaz hasiko dute aurtengo edizioa, datorren eguenean, hilak 10. Kontzertua 21:00etan hasiko da. Zapatua eta domekan, Move Quartetek eta Matteo Sansonettok emango dituzte zuzenekoak, hurrenez hurren. Move laukoteak musika herrikoi garaikidea jazzagaz uztartzen du; Matteo Sansonetto italiarrak Chicago ikutuko bluesa jorratzen du. Antolatzaileen esanetan, Sansonetto “egungo bluesman-ik aktiboenetarikoa da, eklektikoa eta trebea”. 

Bigarren asteburuan, Juan de Diego tronpetista bilbotarrak bisitatuko du Ateneo, Grebalariak disko berria aurkezteko asmoagaz; laukote akustiko lez grabatu du lana, eta horrela aurkeztuko dute. Azaroaren 18an izango da kontzertua, 20:00etan. Hilaren 19an, Mingo Balaguer blueslaria arituko da, 22:00etan. Balaguerrek 1987an ekin zion bere ibilbide musikalari, eta ordutik 17 disko kaleratu ditu. 

Bluesa Bergaratik 
Jaialdia borobiltzeko, azaroaren 20an Diablues eta Bluezifer bikoteak emango du kontzertua; bergararrek 2014tik daramate blues akustikoa jorratzen. Emanaldia Portalekuan izango da, 20:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!