Haurreskola berritzeko 1.315.327 euro jasoko ditu Elorrioko Udalak Next Generation funtsetatik

Anboto 2022ko urr. 27a, 12:56

Haurreskolako proiektuak gutxi gorabehera 2 milioi euroko aurrekontua du. 

Haurreskolako proiektua martxan jartzeko 1.315.327 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du Elorrioko Udalak Next Generation funtsetatik. Udaletik jakitera eman dutenez, Espainiako estatu osoan tokiko 1.065 proiektu aurkeztu dira laguntza jasotzeko eta horietatik 405 aukeratu dira. 

Legegintzaldiaren hasieratik mahai gainean izan du udal gobernuak Haurreskola eraberritzea, eta 2019an, hezkuntza-komunitate osoarekin batera diagnostikoa egin zuen, eraikina birgaitzeko aukerak aztertzeko. Diagnostikoan ateratako emaitzak aintzat hartuta, 2020an erabaki zen zein esku-hartze egingo ziren eraikinean. Funtsean, haur eskola birgaitzea eta handitzea zen proposamena. Iaz lizitatu zen proiektuaren idazketa.

“Hiru urtez jardun dugu lanean honaino iritsi arte. Oso harro gaude: Espainiako estatuko proiekturik baloratuena gara, eta horrek erakusten du gauzak ondo egin direla. Prozesu honetan gurekin izan diren pertsona guztien inplikazioa eskertzeko garaia ere bada: hezkuntza komunitatea, udaleko langileak, proiektua idatzi duen taldea”, adierazi du Maria
Herrero Udaleko hezkuntza zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!