Hiriko berrantolaketa eta mugikortasun arazoari konponbidea eman asmoz, Elorrioko Udala San Juan kaleko eta Elizaldeko bidegurutzea berrantolatzen hasi da. Lanak egiteko 69.095 euroko inbertsioa egin da eta bost asteko epean egitea aurreikusten dute.
Lanei dagokienez, aurrez identifikatutako hainbat arazori konponbideak emateko estrategiak garatu dira. Izan ere, orain arte, espaloi batek ez zuen behar adinako zabalerarik eta San Juan kaletik igarotzen ziren ibilgailuek ikuspen gutxi zuten kale hori zeharkatzen zuten oinezkoekiko, besteak beste.
Hori horrela, espaloi irisgarriak egingo dira, oinezkoentzako azalera handiagoa jarri, asfaltatze inprimatuko goi-ordokia ipini, oinezkoentzako pasabideak egin, saneamendu-sareak hobetu eta trafiko-seinale berriak jarriko dira.