Proiektu hauen artean aukeratu ahalko dute herritarrek: Arespakotxaga jauregiko parkea hobetzea, udalerriko gune jakin batzuetan hiriko altzari berriak jartzea, Berrio eta Aldape artean bide berde bat irekitzea, rokodromo berri bat, adinekoentzako ping pong mahaiak moduko aisialdiko elementuak eta ariketak egiteko aparatuak instalatzea, lurrak erostea, ondoren espezie autoktonoekin birpopulatzeko, eskulturak instalatzea hainbat espaziotan, umeentzako ur-parkea edo kalistenia-parkea.
Bozketaren bigarren fasera 200 ekarpenetik bederatzi pasa dira. Elorriarrek paperean bozkatu ahal izango dute, herriko postontzi guztietan utziko den triptikoa erabiliz. Triptikoa udaleko eta Iturri Kultur Etxeko hautestontzietan utzi ahal izango da. Online ere egin ahal izango da www.elorrio.eus helbidean.