Elorrioko egoitzan lanak egingo dituzte, bizikidetza-unitate bihurtzeko

Anboto 2022ko ira. 27a, 12:02

Egoitzak bizikidetza unitate bi izango ditu, eta bakoitzean gehienez 25 pertsona egongo dira. 

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Elorrioko egoitza bizikidetza unitate bihurtzeko lanak egingo dituzte. Hori horrela, egoitzak bi bizikidetza-unitatetan egitaratuko dute eta horietako bakoitzean gehienez 25 pertsona egongo dira. Unitate bakoitzean 22 logela egongo dira (19 banako gela eta 3 gela bikoitz). Horrez gain, eremu komunak ere berrituko dituzte, handiagoak egingo dituzte. Hobekuntza hauekin egoiliarrek etxe baten antzeko ingurunea izango dute. 

Obrei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldunditik jakitera eman dute, lanak pixkanaka egingo direla, bertan bizi diren pertsonekin eta profesionalekin egin beharko direlako. "Ildo horretatik, eragin daitezkeen kalteak minimizatzeko beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu", azaldu dute. 

Lan hauek egiteko 4,5 milio euro bideratuko dituzte eta 2025 urte hasierarako amaitzea aurreikusten dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!