Ferixa Nausikoak

Elorrioko Udalak Ferixa Nausikoen "balorazio positiboa" egin du

Anboto 2022ko ira. 14a, 14:55

Elorrioko Udalak prentsa oharra igorri du Ferixa Nausikoen balorazioa eginez. Udalak "balorazio positiboa" egin du. 

"Oso positibotzat jotzen dugu Ferixa Nausikoak berreskuratu ahal izana eta herriak jaietan eman duen erantzuna. Kainaberak jaurtitako txupinazo jendetsuaren egunetik jaietako azken egunera arte, ekitaldiek izan duten parte hartzea arrakastatsua izan da. Jai egitarauak oso harrera ona izan du eta, zalantza barik, beti gogoratuko dugun urtea izango da. Gauza batzuk lantzen eta hobetzen jarraitu behar dugu, noski, baina, oro har, oso pozik gaude. Udaletik Ferixa Nausikoak posible egin dituzten pertsona guztien lanari ere balioa eman gura diogu", adierazi du Julene Lazkano jaietako zinegotziak. 

Bestalde, udaletik azaldu dutenez, gertakari "aipagarririk gabeko" jaiak izan diren arren, gaueko autobusetan hainbat emakumek “baimen barik jasandako intimidazio eta ukituak” direla eta Elorrioko Asanblada Feministak egindako salaketaren aurrean Elorrioko Udalak bere gaitzespen sendoena erakutsi du.

Azkenik udaletik jakinarazi dute, hainbat objektu galdu (mugikorrak, giltzak, jantziak...) daudela Udaltzainen bulegoan eta objektuok berreskuratu gura dituenak Udaltzaingoarekin jarri beharko duela harremanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!