Ferixa Nausikoak

Sukalki Eguna, Karrozen jaitsiera eta Su Ta Gar, bigarren asteburuko plater nagusiak

Anboto 2022ko ira. 9a, 13:31

Ferixa Nausikoetako lehenengo asteburu arrakastatsuaren ostean, elorriarrak prest daude jaietako bigarren astebururako. Asteburuan, jaietako ekitaldirik tradizionalenetariko bat izango dute, Sukaki Eguna. Urte biko etenaren ondoren, Aldatsekua parkeak lehiaketa gastronomiko ezagun hau hartuko du, irailaren 10ean.

Sukalkiaren ondoren, 18:00etan, kuadrillek karrozen jaitsiera egingo dute Aldatsekuatik. Gauean, 23:00etan, Puro Relajo taldearen eta DJ Gorka Perezen txanda izango da. 

Sukalkiaren aurretik, hainbat ekintza izango da. Gaur, esaterako, Ibil Bedi eta Su Ta Gar taldeen kontzertuak egongo dira, herriko plazan, 22:30ean. Eta, aurretik, Serenade eta Cuarteto Lírico Argenta Backstage taldeak egongo dira, jubilatuentzat. 

Aurtengo Ferixa Nausikoei amaiera emateko, Munduko Zaporeak ekitaldia egongo da, Kanpokalen, 10:00etan, Kainaberak antolatuta. 13:00etan herri kirolak egongo dira, eta 18:30ean bertso saioa, Aldatsekuan. Saioa Alkaiza, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Gorka Pagonabarraga  arituko dira bertsotan, eta Ainhoa Urien izango dute gai jartzaile. Eingo taldearen kontzertuagaz eta plazako dantzen emanaldiagaz emango diote amaiera jaiei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!