Tradizio handiko hitzordua duzue Sukalki Eguna. Zerk egiten du berezi?
Maitena Arriolabengoa: Jaietako egunik politena da niretzat, herri guztiak parte hartzen duelako. Oso giro polita sortzen da, eta lehia ere bai, lehia osasuntsua. Horrek guzti horrek egiten du berezi.
Alberto Agirre: Lekuak ere, Aldatsekuak, badu eragina sortzen den giro horretan. Sukalkia kozinatzen dutenak batzen dira lehenengo, eta haien familiakoak eta lagunak gero.
Urte biko etenaldiaren ondoren, gogoz ikusten duzue jendea?
A.A.: Bai, gogotsu dago. Eta harategietan enkarguak eginda daude... Beraz, arrakastatsua izango dela pentsa liteke. Horixe da helburua, ahalik eta jenderik gehienak parte hartzea. 60 laguneko betiko taldeak batu daitezke, eta baita orain dela gutxi elkartu direnen talde txikiak ere.
M.A.: Hala da. Ekintza polita da, eta, gazte zein nagusi, jende askok parte hartzen du.
Orain urte bi, 88 kazola aurkeztu ziren. Apurtu egingo da aurten errekorra?
A.A.: Ez dago jakiterik. Gehien-gehien 110 kazola aurkeztu izan dira, eta urteren batean 20 baino ez. Eguraldiak ere badu eragina, baina uste dut parte hartzea handia izango dela. Egun osoko jaia da. Ez dut esango estresantea denik, baina luze egiten da.
M.A.: 100 kazolatara helduko garela esango nuke. Gure kuadrillak urtero parte hartu du azken 24 urtean, euria, txingorra... eginda ere. Eta gure modura, beste askok.
Eraman duzue inoiz saririk etxera?
M.A.: Lehenengo saria inoiz ere ez, baina beti eraman dugu zeozer etxera. Bigarren saria, hirugarrena, laugarrena, hamazortzigarrena... Sekula ere ez gara esku hutsik joan etxera. Etxeko kazolekin hasi ginen, baina sari horiei eskerrak azpiegitura handitzen joan gara (sua, kazola berriak, karpa...).
A.A.: Nire curriculuma ez da Maitenaren bestekoa. Bi-hiru urtean parte hartu dut elkarteren bategaz, baina urte hauetan guztietan antolakuntza lanetan ibili naiz batez ere. Lan handia dago atzetik.
Aurten badago nobedaderik?
A.A.: Bai, Elorrion bertan kontsumitzeko bonuak izango dira sariak. Hotel batean gaua lagun birentzat, taberna batean kopau bat hartzeko bonua, dendaren batean erabiltzeko erosketa-bonua...
Baduzue gogoan pasarte berezirik?
M.A.: Guri ez zaigu gertatu, baina inoiz gertatu da su-itzalgailua erabili behar izatea kazolaren bat erre delako. Eta inoiz jausi da sukalkia behera justu aurkezterako momentuan. Euritakoagaz sua zaintzen ere egon behar izan dugu inoiz (barrez).
Sukalki ona prestatzeko sekretua?
M.A.: Lehengai onak izatea, baina ez da osagai askorik behar.
A.A.: Salda ona lortzea ere garrantzitsua da. Bertoko lehengai onak izatea, eta, kozinatzerakoan, behar duen denbora ematea.