Ferixa Nausikoak

Sukalki Eguneko sariak Elorrioko denda eta komertzioetan kontsumitzeko bonuak izango dira

Jone Guenetxea 2022ko ira. 8a, 09:30

Elorrioko Ferixa Nausikoetako ekitaldirik tradizionalenetariko bat Sukalki Eguna izaten da. Urte biko etenaldiaren ondoren, Aldatzekua parkeak lehiaketa gastronomiko ezagun hau hartuko du irailaren 10ean. Iturrizoro elkarteko Alberto Agirre kideak dioenez, 1.400 bat lagun batzen dira Sukalki txapelketaren aitzakian. “Azkenengo edizioan 88 kazolek parte hartu zuten. Parte hartzailerik gehien egon zen urtean 120 kazola aurkeztu zituzten”, azaldu du Agirrek. 

Udalak mahaiak eta aulkiak ipintzen ditu parte hartzaileen eskura. Izen-ematea 8:00etatik 10:00etara denez, goiztiarrenak 7:30 inguruan hurreratzen dira Aldatzekuara. Sukalkia prestatzeak bere denbora behar du eta presaka ibiltzea ez da ona izaten. 

Kazolek honako osagai hauek izan ditzakete: behi-okela (hegala, zankarroia edo lepoaldea baino ez) eta patata. Saltsarako, barazkiak, ardoa eta likorea erabili daitezke. Hori bai, ezin da perretxikorik erabili. Aurkezpeneko apaingarriak ere prestatuak eta jangarriak izan behar dira. "Orain dela urte batzuk konturatu ginen masailak ipintzen zituenak irabazten zuela. Eta sukalkiaren funtsa ez da masailak ipintzea. Mungiako eta beste herri batzuetako antolatzaileekin berba egin genuen, han zelan egiten duten jakiteko. Horregaitik erabaki genuen masailak kentzea", dio Agirrek.

Epaimahaiak lan handia izaten du irabazlea aukeratzerakoan. Antolatzaileen esanetan, irizpide bi izaten dituzte: zaporea eta aurkezpena. Zaporea batetik hamarrera baloratzen dute, eta aurkezpena batetik bostera puntuatzen dute. Lan gatx hori egiteko, Galdakaoko sukaldaritza eskolako irakasleak etortzen dira epaimahaian parte hartzera. Lehenengo, hamar bat kazola sailkatzen dituzte, eta horiek dira epaimahaikide guztiek puntuatzen dituztenak. Hau guztia kontuan hartuta, zein da sukalki irabazle bat kozinatzeko trukoa? "Saltsak badu bere oinarria, eta okela samur egoteak ere bai. Aurkezpena ere zaindu behar da; garrantzitsua da kurioso aurkeztea. Kazola 8-10 lagunentzat izan behar da. Gauza horiek baloratu egiten dira. Bestalde, urtean behin baino ez baduzu prestatzen, gatxagoa izaten da. Baina eskua hartuta baduzu sarri prestatzen duzulako, errazagoa izaten da", dio Agirrek. Sariei dagokienez, irabazleak 150 euro irabaziko ditu, bigarrenak 120, eta hirugarrenak 90. Diru hori herriko dendetan kontsumitzeko bonuak izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!