Ferixa Nausikoetako ekitaldirik jendetsuenetariko bat Abere, Nekazaritza eta Artisautza Azoka izaten da. Domekan, 10:00etan hasita, Ferixalekua baserritarren erakusleiho izango da. Abeltzaintzari dagokionez, 22 abeltzainek parte hartuko dute. Urtero lez, behiak, ardiak, astoak, ahuntzak, poneyak eta behorrak egongo dira ikusgai.
Aurtengo azokako nobedade lez, aurten Joseba Attard elorriarrak erakustaldia emango du hamar ardi moztuta.
Nekazari eta artisauak
Nekazaritzari eta artisautzari dagokienez, elikagaien eta landareen 40 postu egongo dira., eta 21 izango dira artisauenak. Durangaldeko baserritar eta sortzaileez gainera, Gipuzkoatik, Arabatik eta Iparraldetik ere etorriko dira. Ogia, kontserbak, konfita, garagardoa, txakolina eta abar izango dira salgai. Artisauen atalean, bitxiak, arropa, osagarriak eta eskuz egindako kandela eta xaboiak izango dira, besteak beste, salgai azokako standetan.
Bestalde, Durangaldeko Ekoizle Ekologikoak eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) ere stand bat ipiniko dute. Azoka egunerako txosna bi ipiniko dituzte Ferialekuan.
Anbotoren otzara
ANBOTOk ere presentzia izango du Elorrioko Ferixa Nausikoetako jaietan. Azoka egunean, goizean, otzara bat zozkatuko dugu Berriotxoa kalean ipiniko dugun postuan. Maiatzean martxan ipini genuen Anbotokide kanpainaren barruan, otzarak zotz egiten gabiltza jairik jai, eta domekan Elorrioren txanda izango da. Bertan zain izango gaituzue.