Ferixa Nausikoak

“Pandemiak adin konplikatuan harrapatu nau eta kartelean nire ernegu guztia islatu dut”

Maialen Zuazubiskar 2022ko abu. 31a, 12:37

Libe Ajuria Fondado elorriarraren ‘Sentitu taupadak’ kartelak irabazi du Ferixa Nausikoetako lehiaketa. 19 urteko elorriarrak 500 euroko saria jaso du ANBOTOren eskutik. 

Zure lanak iragarriko ditu aurtengo Ferixa Nausikoetako jaiak. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Niretzat oso berezia da nik egindako irudi batek herriko jaiak iragartzea, baina apur bat arraroa ere egiten zait neuk egindako kartel bat kaletik ikustea leku guztietan.

Lehenengo aldia da horrelako lehiaketa batera aurkezten zarena?
Bai, lehenengo aldia da eta aitortu behar dut familiak animatuta aurkeztu nuela lana, aitak animatuta batez ere. "Animatu zaitez", esaten zidan, eta, azkenean, aurkeztea erabaki nuen. Aurretik ere banuen gogoa lehiaketan parte hartzeko, baina ingurukoren batek "Libe aurkeztu zaitez!" esatea behar nuen.

Zelakoa izan da kartela egiteko prozesua?
Ideia argi nuen, baita kartelari ipiniko nion izena ere. Hori bai, pare bat bozeto egin nuen behin betiko kartela egin aurretik. Lehen bozetotik azken lanera aldaketa izugarria dago, baina, berez, ideia berdina da.

Zer islatu gura izan duzu diseinuagaz?
Pandemiaren ostean, elorriarrok jaiak inoizko gogotsuen hartuko ditugula uste dut. Nik neuk behintzat herritar modura eta gazte modura horixe sentitzen dut eta sentimendu horiek bihotz batean islatzea bururatu zitzaidan. Gainera, sentimendu hauetan guztietan pandemiak eragina izan du, baina oso argi izan dut ez nuela pandemiaren gaia gura sartu. 

Zu, gainera, gaztea zaren aldetik, pandemiak adin “konplikatuan” harrapatu zaitu, parrandan hasteko sasoian.
Bai, pandemiak adin konplikatuan harrapatu nau eta kartelean nire ernegu guztia islatu dut. Eztanda egin dut kartelean. 

Marraztearena afizioa da ala ofizio bihurtu gura duzun zeozer?
Afizioa da. Enpresen administrazioa eta zuzendaritzako gradua ikasten nabil eta marrazketa neure burua lasaitzeko erabiltzen dut. DBHko laugarren mailan konturatu nintzen marrazteak lasaitu egiten ninduela, eta batxillergoan marrazketa teknikoa hartu nuen. Eta hor konturatu nintzen modurik onena zela ni lasaitzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!