#MauriziaEzDauInorkHil lanak ekingo dio Musikaireren 2. asteburuari

Anboto 2022ko uzt. 8a, 11:00

Musikaire kultur jaialdiaren aurtengo egitaraua uztailaren 2an hasi zen. Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, ohiko formatuan bueltatu da aurten. Asteburu honetako ekitaldi sorta #mauriziaezdauinorkhil ikuskizunagaz hasiko da.

Lorea Argarate, Olatz Salvador eta Ines Osinaga musikariek sorturiko lana da hau; Itziar Garaluce arduratu da bideo proiekzioen diseinuaz. Proiektu honek euskal iruditegi kulturaralaren eta folklorearen berrirakurketa bat proposatzen du. “Sustraietan ditu ahalduntze kolektiboa, elkarri lekua egitea, agentzia aitortzea, gurea den orgia bat, gurea den akelarre bat, gure festa”, diote. Maurizia Aldeiturriagaren irudia eta jarrera abiapuntu hartuta, orduko istorioak, kopla zaharrak eta doinu tradizionalak argitara ateratzeko helburua du. “Teknologia zahar eta berriek bat egiten duten leku horretan sortua da #MauriziakEzDauInorHil, plazandreei gorazarre egiteko”, gaineratu dute. Emanaldia elizpean izango da, 22:30ean.

Bigarren asteburua
Asteburua borobiltzeko, Elorrion beste ikuskizun bigaz gozatu ahalko da. Zapatuan, Jon Maiak Kantu bat gara ikuskizuna egingo du. 30 urte dira Maiak bere lehenengo abestiak idatzi zituela; urteotan idatzi dituen kanta guztiak zerrendatu ditu Kantu bat gara libururako, eta horietariko sorta bat moldatu du kontzertuetarako; 22:30ean hasiko da, elizpean. Bestalde, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Kuikui ikuskizuna egingo dute domekan, plazan. 19:00etan hasiko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!