Berrikuntzekin martxan da 2023ko aurrekontu parte hartzaileetarako prozesua

Anboto 2022ko eka. 23a, 13:15

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Idoia Buruaga alkateak eta Maria Herrero alkateordeak iragarri dute 2023ko aurrekontu parte hartzaileetarako prozesua martxan ipiniko dela.

50.000 euro ipiniko dituzte partida horretarako, eta prozesua fase bitan gauzatuko da. Lehenengo fasean, ekainaren 27tik uztailaren 10era, herritarrek euren proposamenak egin ahalko dituzte. Bigarren fasean, azken fasera igaro diren eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten proposamenak bozkatzeko aukera egongo da. Baldintzak ondorengoak dira: proposatutakoa udal eskumenekoa izatea, herritar guztien interesa edukitzea, eduki ez diskriminatzailea izatea, martxan ez dagoen proiektu bat izatea eta gehienezko kantitatea 50.000 eurokoa izatea. 

"Elorriarren eskutik Elorrio hobea eraikitzen jarraitu gura dugu. Elorrion bizi diren denen iritzia jasotzea da lehentasuna gobernu talde honentzat, eta prozesu hau beste aukera bat da horretarako. Horregaitik, proiektu berriak eta hobekuntza proiektuak proposatzera animatzen zaituztegu", azaldu du Idoia Buruaga alkateak. 16 urtetik gorako bizilagunek proposatu ahal izango dituzte proiektuak. "Herritar bakoitzak udaleko edozein arlo edo eremugaz erlazionaturiko proposamenak egin ahal izango ditu", jakinarazi du Maria Herrerok.

Informazio topaketak
Horrez gainera, hainbat ekimen jarri dute martxan herritarren parte hartzea bultzatzeko: DBH 4koekin topaketak egin dituzte, ekainaren 28an pertsona bat herriko auzoetara joango da prozesuaren berri ematera, eta, gainera, ekainaren 30ean informazio txokolatada bat egingo dute Aldatsekuan, erretiratuen etxean, 18:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!