Gura gabeko bakardadean dauden pertsonentzako 'Herrizaintza proiektua' martxan Elorrion

Anboto 2022ko eka. 22a, 15:08

Proiektua ezagutzera emateko topaketa ekainaren 28an egingo dute Iturri Kultur Etxean, 18:30ean.

Gizarte-ahultasun egoeran dauden udalerriko pertsonen harreman-integrazioko eta babeseko beharrei erantzuteko, Elorrioko Udalak Herrizaintza proiektua jarri du abian. Udaletik jakitera eman dutenez, gura gabeko bakardadean dauden pertsonentzako zaintza komunitarioa da. 

Programari joan zen maiatzean eman zioten hasiera eta bederatzi hilabeteko iraupena izango du. Batez ere, 65 urtetik gorako pertsonei eta laguntza sare eta gizarte harreman mugatuak dituzten emakume etorkinei dago zuzenduta. 

"Iaz legegintzaldia amaitzerako helburuak eta lehentasuna zehazteko partaidetza-prozesuaren emaitzen berri eman genuen, eta azterlan horretan, herritarrak kezkatuta agertu ziren egoera zaurgarrian eta bakardadean dauden pertsonen egoerarekin. Programa horren bitartez, gura gabeko bakardadean bizi diren bizilagunen egoera aztert gura dugu, eta haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen sare komunitarioa sortu", azaldu du Maria Herrero alkarteordeak. 

Programa aurkeztu eta informazioa emateko topaketa egingo dute ekainaren 28an Iturri Kultur Etxean. Horrez gain, 688 655 461 zenbakira deituta ere eskainiko dute informazioa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!