Elorrioko kickboxing eta muay thai openak 200 bat parte hartzaile batuko ditu zapatuan

Anboto 2022ko eka. 17a, 11:00

"Kickboxinga topera dago aspaldian". IndarXsport klubeko Dani Nuñez pozik dago Elorrioko kickboxing eta muay thai openeko izen-ematea arrakastatsua izan delako. 8 urtetik master mailara arteko 200 bat lagun batuko ditu zapatuan, 10:00etatik aurrera, Hilario Azkarate pilotalekuan egingo den txapelketan. Sarrera doakoa da.

Arte martzialek geroago eta interes handiagoa pizten dutela dio Nuñezek: "Elorrioko opena udalak berak proposatuta antolatu dugu. Hurrengoa Durangon egin gura dugu, pilotalekua eraberritzen denean. Eskualdeko beste udalerri bat ere ipini da gugaz hartu-emanetan. Herrian ez dute arte martzialen klubik, baina interesa dute txapelketa bat antolatzeko. Udalak konturatzen hasi dira kickboxing openek kanpoko jende asko erakartzen dutela". 

2020an, IndarXsport eta Laureano Lara Team elkarteek eta beste eragile batzuek antzerako opena antolatu zuten Berrizen. Antzerakoa, baina ez berdina. Orduan, tatami gainekoa bakarrik izan zen; oraingoan, ring gainean ere arituko dira. 

Opena borrokalari amateurrei bideratuta dago. "Euskadiko txapelketak eta antzerakoak esperientzia gogorregiak izan daitezke hasiberrientzat. Horregaitik dira garrantzitsuak horrelako openak. Euren mailakoen kontra aritzen dira eta gehiago gozatzen dute. Tarteko urrats bat da", dio Nuñezek. Izan ere, openean ezin du parte hartu borrokaldi profesional bi baino gehiago izan duen inork.  

Torneoa Aitor Romerogaz

Openetik kanpora, torneo bat ere antolatuko dute lau borrokalarigaz, K1modalitatean eta 91 kilora arteko pisuan. Borrokalarietariko bat Laureano Fight team taldeko Aitor Romero (Garai, 2003) da. Lander Olazaran sestaoarraren aurka lehiatuko da finalera sartzeko. Beste finalerdia Sergio Martins errioxarraren eta Alejandro Cerezo bilbotarraren artekoa da. Romero denetan gazteena eta esperientziarik gutxien duena da, baina apurka maila tekniko "ikusgarria" hartzen dabilela uste du Nuñezek. "Sparring asko egin du profesionalekin", zehaztu du. Torneoa irabazten duenak Custon Fighter gerrikoa eramango du etxera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!