Biribilketa feminista zapatuan Elorrion; Durangaldeko neska gazteek elkar ezagutzea eta saretzea du helburu topaketak

Maialen Zuazubiskar 2022ko eka. 17a, 11:58

Durangaldeko neska gazteek elkar ezagutzea, saretzea eta aliatzea helburu duen biribilketa feminista zapatuan egingo dute, Elorrion. Aurreko urteetan, Zaldibarren, Durangon eta Iurretan egin izan dute topaketa.

Zornotzako Suhaziak neska gazte taldea, Iurretako Auskari neska gazte taldea, Elorrioko neska gazte taldea, Abadiñoko Izpilikuak talde feminista eta Zaldibarko eta Durangoko mugimendu feministan dabilen zenbait neska gazte dira antolatzaileak, eta, jakinarazi dutenez, herri osoan zehar sakabanatuta egongo den egitaraua antolatu dute.

11:00etan emango diote hasiera egunari, Durangaldeko neska gazteen aurkezpena eta eskualdeko argazki feminista bat eginda. Ostean, hainbat tailer egingo dute: soinu ekipo tailerra, erotika tailerra eta zaintza tailerra. 14:30ean bazkaria egongo da, eta, gero, bakarrizketa plazan. 17:30ean pala ikuskizuna egongo da: Jaione Escribano eta Udane Iturbe Ane Aldamaren eta Naroa Saezen aurka arituko dira. 

19:00etan manifestazio musikatua egongo da: 'Hau ez delako gure oreka, elkarrekin saretuz sistemari kolpeka' lelopean. Manifestazioa amaitu eta gero, akelarrea egongo da plazan. 

Kontzertuekin emango diote amaiera egunari. 22:00etan hasita, honako talde hauek arituko dira Ateneoan: Eskualdeko PT taldea, Usurbilgo Maddi eta Elene, eta Ginger talde zarauztarra, eta horien ondoren, DJak.

Durangaldeko Biribilketa feministako antolatzaileek eskualdeko neska gazte guztiei dei egin diete zapatuko elkargune izango den egunean izena eman eta borroka feministara batzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!