Azokak 10:30ean zabalduko ditu ateak eta 14:30era arte egongo da zabalik. Elkartetik jakinarazi dutenez, domekako azokan 22 artisau eta sortzaileren lanak ikusi eta erosteko aukera izango da. Honako produktu hauek, hain zuzen ere: kosmetika produktuak, ilustrazioak, oihalezko osagarriak, poltsak eta bitxiak, besteak beste. Inguruko artisau eta sortzaileen lanak ezagutu eta erosteko aukera izateaz gainera, sortzaileekin berba egiteko aukera ere egongo da. "Azoka honek aukera paregabea ematen du gure lanak ezagutu eta sortzaileekin berba egiteko", azaldu du Aurkene Pagalday Eixu elkarteko kideak.
Antolatzaileek jakinarazi dute goiz guztian zehar umeentzako txokoa egongo dela Urarka kalean, eta Fanfarrixo taldeak azoka girotuko duela. Fanfarrixo taldearen emanaldia12:30ean hasiko da.
Urarka biziberritzen
Bestalde, Eixu elkarteko kideek esan dute azoka honek "bizia" ematen diola Urarka kaleari. "Normalean, Elorrioko plazan egiten dira gauza guztiak, eta azoka honegaz Urarka kaleari bizia eman gura genion eta ematen diogu", jarraitu du Pagaldayk.
Bestalde, azokak irauten duen bitartean "oso giro ona" egoten dela adierazi dute, eta domekan Urarka kalera bertaratzeko deia egin diete herritarrei.