Udaren hasierarekin eta ikasturtearen amaierarekin batera, Elorrioko Udaleko Gazteria Sailak ekainean eta uztailean herrian gauzatuko den ‘Gazte Abentura Ekintzak’ programa berria gehitu die gazteei zuzendutako jarduerei. Udaletik jakitera eman dutenez, hiru jarduerez osatutako programa izango da eta orientazioarekin, abenturarekin eta orekarekin lotutako jolasak izango dira.
Hori horrela, ekainaren 22an eta 23an eta uztailaren 1ean, Elorrio abentura anitzeko gune bihurtuko da. Bertan, esperientzia ludikoak gauzatu ahal izango dituzte, hala nola slack-line, amarauna edo eskalada, besteak beste.
Orienting jarduera ekainaren 22an izango da, 18:00etan, San Joseko frontoian. Parte hartzeko, aldez aurretik eman beharko da izena Iturri Kultur Etxean. Emozioen laborategia ekainaren 23an izango da, 18:00etan, San Josen, eta 10 urtetik gorako umeek hartu ahal izango dute parte. Azkenik, uztailaren 1ean, 18:00etan, Ganondo parkeak adin guztietako gazteak hartuko ditu Oreka jardueran parte hartzeko. Jarduera hori oreka zirkuituak edo slack-line praktikatzeko dago diseinatuta.