“Kantak naturaltasunez konposatu ditugu; ahotsak gehitzea azken prozesua izan da, gehien kostatu zaiguna”

Aritz Maldonado 2022ko mai. 27a, 19:00

Zazpi urte igaro dira Han taldea sortu zenetik. Gorka Molerok eta Karlos Gomezek eman zituzten lehenengo pausoak, aurretik Mokauan elkarregaz egon ondoren. Gero, Miguel Leon batu zitzaien, eta, handik gutxira, Nerea Lersundi abeslaria gehitu zen taldera. Lehenengo lana kaleratu eta kontzertu batzuk jo ostean, Lersundik taldea utzi zuen. Saiakera desberdinak tarteko, hiruko lez jarraitzea erabaki zuten elorriarrek, eta ibilbide horretan ondutako abestiek osatzen dute ‘Beratu’ diskoa. Bonberenea Ekintzak zigiluagaz kaleratu dute. Zapatuan aurkeztuko dute Ateneon, Giante gasteiztarrekin batera.

'Beratu' Ateneon aurkeztuko duzue. Gogotsu?
Bai, oso gogotsu. Urte dezente pasatu da azken kontzertua eman genuenetik eta zuzenean jotzeko oso gogotsu gaude, aspalditik. Gainera, hirukote formatuan zuzenean zelan moldatzen garen ikusi gura dugu. Urduri ere bagaude, jakina.

Hirukote lez jarraituko duzuela iragarri zenuten orain denbora bat. Zelakoa izan da trantsizioa? Asko kostatu zaizue erabakia hartzea ala naturala izan da?
Zazpi urte pasatu dira gure lehenengo lana aurkeztu genuenetik. Hainbat kontzertu jo eta gero, Nerea Lersundik taldea utzi zuen. 

Musikalki konposatzen jarraitu genuen, ahotsean laugarren taldekide bat izango genuen ilusioagaz, baina urteak pasatu ahala eta hainbat lagunekin ahalegindu eta gero, hirukote lez aurrera egitea erabaki genuen.

Ideia musikal guztiak kanta bihurtzea eta grabatzea izan da gure erronka, ahotsa gure gain hartuta.

Zergaitik ipini diozue 'Beratu' izena diskoari?
Diskoko kantak aspaldiko ideia musikalak dira, eta, beraz, urte hauetan guztietan kantak beratzen egon direla esan genezake. Hortik dator diskoaren izenburua.

Abestietariko batean Nereak abesten du. Abesti zaharra da?
Ez da beragaz landuta geneukan abesti zahar bat. Grabazio prozesua martxan zela, kanta batzuetan korua egitera edo bigarren ahotsetan parte hartzera animatu zen. Diskoaren diseinuagaz ere asko lagundu digu.

Oso lan freskoa eta desberdina iruditu zait, esperimentalagoa edo. Horrela da?
Ez dugu intentzio berezirik ipini konposizioan. Musikalki, kantak naturaltasunez konposatzen joan gara. Ahotsak gehitzea azken prozesua izan da, gehien kostatu zaiguna izan dela esango nuke.

Non grabatu duzue? Diskoa formatu fisikoan kaleratu duzue?
2021eko ekainean grabatu genuen, entsegu lokalean, eta nahasketak abenduko azken egunetan egin genituen. Prozesu guztia etxekoen artean eta gure baliabideak erabilita egin dugu. Teknikari lanean, Migel Alonso aritu da. 

Hasieran, disko digitalean bakarrik kaleratzea pentsatu genuen, baina, azkenean, formatu fisikoan ere kaleratuko dugu, Bonberenea Ekintzak-en eskutik.

Ateneoko kontzertuaz gainera, Tolosan ere egongo zarete.
Bai, Bonberenea Ekintzak-ek 20 urte betetzen ditu eta denbora honetan guztian argitaratu dituzten talde batzuekin ospakizun jaialdia antolatu dute. 14-15 taldek joko dugu eta eszenatoki bitan banatuko da jaialdia. Talde bakoitza ordu erdiz arituko da. Ekainaren 4an izango da, Bonberenea gaztetxean.

Beste nonbait?
Oraingoz, data bi horiek baino ez ditugu lotu. 

 

Zapatuan, Han eta Giante taldeen post-hardcore doinuek hartuko dute Ateneo, denboraldi berriko hirugarren emanaldian

Han talde elorriarrak 35 minutu inguruko bidaia proposatzen du bere bigarren lanean, zortzi abestitan zehar. Aurkezpen kontzerturako, post hardcore doinuak uztartzen dituen Giante izango dute taulakide. Gasteiztarrek Hamaika diskoa aurkeztuko dute, euren ibilbideko bigarrena; Han taldearen modura, Bonberenea Ekintzak zigiluagaz kaleratu dute lana. Giantekoek iaz grabatu zuten diskoa, Karlos Osinagagaz. Lehenengo diskoan, Fugazi, Rites of Spring, Dut eta At the Drive-In taldeekin alderatu zituzten, jorratzen dituzten doinuengaitik. Bigarren diskoaren bira pandemiak baldintzatu duen arren, eduki dute tartea aurretik Durangaldea zapaltzeko; abenduan, Ahotsenean jo zuten. 

Emanaldirako sarrerak 8 euroan salduko dituzte (edari bat barne). Kontzertuak 22:30ean hasiko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!