"Badakigu askorentzat gai mingarria dela, eta askoren zauriak sendatu gabe jarraitzen dutela. Baina Andoni Esparzak, baita Funcorrek Elorriori asko eman zioten. Beraz Funcor izan zena ezagutzeko jardunaldiak antolatu ditugu", esan du Arkaitz Sodupe elkarteko kideak. Jardunaldiak Esparza hil zela 10 urte bete direnean antolatu dituzte.
Nekazal makinaria ekoizten zuen Funcor kooperatiba 1955ean sortu zuen Andoni Esparza Gallastegik. Atzerrira teknologia esportatu zuen estatu espainiarreko lehenengo enpresa izan zen, baita Euskal Herriko lehenengo doako ikastola sortu zuena, besteak beste. Esparzaren proiektuak 1970era arte iraun zuen eta honen itxierak hainbat ikamika sortu zituen. Esparzari Funcorren diruen erabilera desegokia leporatu zioten eta bere kontrako salaketa jarri zuten.
Jabier Lertxundi Andoni Esparza Gallastegi elkarteko kideak jakitera eman duenez Funcorren gertatutakoa ikertzen aritu dira, eta hori aztertuta jardunaldiak antolatu dituzte. "Badakigu Funcorrena tabua dela. Baina saiatu gara lantzen eta egia jakiten. Horregatik jardunaldietan parte hartzeko gonbita luzatzen dugu", azaldu du Lertxundik. Jardunaldiak 10:30etatik 13:00etara izango dira eta hainbat hizlari izango dira: Andoni Basabe, Julia Itoiz, Iñigo Agirre, Mikel Onandia, Rikardo Ajuria eta Jabier Lertxundi. Gainera, bertaratzen direnek beraien aportazioak egin ahalko dituzte. "Askorentzat gogorra izango da, baina zauriak osatzeko aukera ona izango da", azaldu du Idoia Buruaga alkateak. "Gainera, gai ika-mikatsua izan arren, horrek ez du esan nahi iragana ez dela aztertu behar. Horrek iraganeko akatsetatik ikasteko balioko du", gaineratu du Beñat Gaztelurrutia Gerediagako kideak. Bestalde, eta atzetik datozen belaunaldi hoientzat Funcorren nondik norakoak ezagutzea adibide ona izan daitekeela, esan du Jesus Aristegi Laumunarrietako kideak.
Jardunaldietan parte hartzeko beharrezkoa izango da gerediaga@gerediaga.eus helbidera idatzi eta izena ematea edo 94 681 80 66 deituta.