Elorrioko eta Bergarako industria siderurgikoetan lapurretan egin duen talde bat desegin du Ertzaintzak

Anboto 2022ko mai. 19a, 17:02

Ertzaintzak taldeko kide bi atxilotu ditu eta biri eginbideak ireki dizkie ikertu gisa. Lapurrak goizaldean sartzen ziren enpresetara, eta balio handiko burdinezko materiala larpurtzen zuten. Langileen lekua hartuta sartzen ziren instalazioetan, eta enpresako makinak ere erabiltzen zituzten lapurtutakoa furgonetetan sartzeko, Ertzaintzak jakin eragin duenez.

Ertzaintzak zenbait altzairu-fabrikatatik galdaketako materiala lapurtzen espezializatutako talde bat desegin du, aste honetan. Azken bost hilabete hauetan Elorrioko eta Bergarako industria siderurgikoetan guztira hamaika lapurreta egitea eta beste bi kasutan lapurreta egiten saiatzea leporatuta atxilotu dituzte bi pertsona, eta bi inputatu dituzte ikertu gisa. Lapurtutako burdinazko materialaren balioa 176.000 eurokoa da.

Lapurrek enpresa metalurgiko handiak zituzten helburu, galdaketan eta metalen aleazioan erabiltzen diren balio handiko burdinazko materialen biltegiak zituzten enpresak, Ertzaintzak ohar batean azaldu duenez. "Zaintza presentzial gutxi izaten zutela aprobetxatuz, langileen lekua hartuta, eta kaskoak, maskarak eta eskularruak jantzita sartzen ziren instalazioetan, elementu horiek lagungarriak baitzitzaizkien ezkutuan pasatzeko". Lapurrek gehienetan goizaldean jarduten zuten, txanda-aldaketak aprobetxatuz, inor konturatu gabe ibiltzeko. Gainera, enpresetako makinak, hau da, orga jasotzaileak, dibidietak eta bestelako baliabideak erabiltzen zituzten lapurtutakoa mugitzeko, Ertzaintzak gaineratu duenez. Gero, materiala furgonetetan garraiatzen zuten.

Apirilean abiatutako ikerketa

Ertzaintzak apirilean abiatu zuen ikerketa, Sestaoko ertzain-etxean jazotako gertaera baten berri izan ondoren, urtarrilean Bergarako enpresa batean izandako 50 piezaren lapurretarekin lotu ahal izan zutenean. Kasu bakoitzean furgoneta bana zegoela inplikatuta jabetu ziren ikertzaileak, eta egiaztatu zuten inplikatutako ibilgailuak eskualdatu egin zituztela. NAN agiria lapurtutako titular baten izenean eskualdatu zuten bat; bigarren furgonetarekin ez zuten lortu modu berdinean egitea.

Ertzaintzak furgonetetako baten gidaria –polizia aurrekariak zituen 30 urteko gizonezkoa– identifikatu zuen, eta taldeko beste hiru kide –31, 26 eta 29 urtekoak–. Joan zen apirilean identifikatu zituzten denak, "Iurretako enpresa baten inguruan zokomiran zebiltzanean". Ertzaintzak argitutakoaren arabera, ibilgailu barruan erremintak, eskularruak, zerrak, walkie-talkie-ak, buff-ak, linternak eta lapurretetan erabil zitezkeen beste hainbat objektu aurkitu zituzten. Gainera, 11.125 euro billetetan.

Ikerketak aurrera egin ahala mota horretako lapurretetan espezialitatutako taldea antolatua zela baieztatu zuen Ertzaintzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!