Elorrioko Buskantzak puntuak behar ditu jada maila galduta duen Sasikoaren kontrako derbian

Joseba Derteano 2022ko mai. 19a, 13:30

Sasikoa Durangok eta Elorrioko Buskantzak Hirugarren Mailako derbia jokatuko dute zapatuan, 18:00etan, Landako kiroldegian. Premia ez da berdina talde bien kasuan. Elorrioko Buskantzak puntuak behar ditu mailari eusteko, eta Sasikoa matematikoki jaitsita dago. Ohorea besterik ez du izango jokoan. 

Hiru jardunaldi falta dira Hirugarren Maila (Euskadiko mailarik gorena) amaitzeko eta Buskantzak puntu bira du arrasteen ondorioz jaitsiera postuan dagoen Galdakaoko Lagun Onak taldea. Erronkari aurre egiteko "motibatuta" dago taldea Ricardo Uresandi entrenatzailearen esanetan. Urtean zehar lesio asko izan dituzte eta horrek asko zaildu du euren lana.

Sasikoa Euskal Ligan arituko da datorren denboraldian. Taldean belaunaldi erreleboa izan da aurten eta gazteek sufritu egin dute esperientzia handiagoko taldeen aurka. Baina etorkizunari itxaropentsu begiratzeko arrazoiak dituzte. Landako eskolagaz loturiko akordio bati eskerrak, kadeteen taldea sortu dute. Orain arte ez dute horrelakorik izan. Haur kategoriako taldea sortu guran ere badabiltzala azaldu du Iker Saenz de la Cuesta klubeko entrenatzaileak. Gazteen taldea badutela kontuan hartuta, harrobiko adin tarterik gehienetan talde bat izateko lanean dabiltza durangarrak; eta ez da gutxi, Durangon futbolak zelako indarra duen kontuan hartuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!