Elorrioko Udalak ekainaren 13an Elizaldeko kanpoko igerilekuak irekiz emango dio ongietorria udari. Aurten gainera, azken bi urteetan ez bezala, inongo murrizketa barik igerilekua zabaltzeko prestatzen dabiltzala jakitera eman du Elorrioko Udalak. Hori horrela, ordutegi, baldintza eta funtzionamenduari dagokionez, Elizaldeko kanpoko igerilekuek normaltasuna berreskuratuko dute. Igerilekuak ekainaren 13tik irailaren 18ra irekiko dira, 11:00etatik 20:30era eta 1.400 pertsona hartu ahal izango dituzte.
"Uda hasteko hilabete bat falta den honetan, azken hobekuntza-lanak egiten ari gara, Elizaldeko kanpoko igerilekuak normaltasunez eta berme guztiekin ireki ahal izateko. Bi udatan osasun-agintaritzak ezarritako murrizketara egokitu behar izan dugu, eta ekainaren 13an ohiko jarduera eta zerbitzuak berreskuratuko ditugu", azaldu du Dani Palacios zinegotziak.
Igerilekuak zabalik egongo diren hiru hilabeteetan zerbitzu guztiak eskainiko dituzte: aldagelak, taberna eta aulkiak, besteak beste.
Prezioak eta abonuak
Eleizaldeko kanpoko igerilekuan sartzeko ezinbestekoa izango da abonua eskuratzea edo dagokion eguneko sarrera erostea. Abonuak dagoneko eskuragai daude. Horretarako Elorrioko Udalaren webgunean dagoen izen-emate orria bete behar da eta kiroldegian entregatu beharko da.